- Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak nabarmendu zuen atzo, “aldarrikapen, sentsibilizazio eta borroka eguna” zela, bai eta “berdintasunaren alde lan” egiteko eguna ere. Baina, aurten, “zuhurrak eta arduratsuak izan behar dugu, pandemia egoeran baikaude. Horrek ez du esan nahi gaur martxoaren 8a dela aldarrikatu ezin dugunik, baina zuhurragoak izan behar dugu”.

Hala, atzo Onda Vasca-Noticias Taldean egin zioten elkarrizketa batean esan zuenez, “azken 15 urteotan, Euskadik urrats sendoak eman ditu emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan”, 2005ean onetsi zen Berdintasun Legearen garapenari esker. “Lege aitzindaria izan zen, zeinak desberdintasunetan jarri baitzuen foku politikoa”. “Hamabost urteotan, gizarte berdinzaleagoa lortu dugu, baina, oraindik, bidea dago egiteko, eta, hainbat gaitan, aurrera egin daiteke oraindik ere”, gaineatu zuen.

Nork zaintzen du? izan da Emakundek martxoaren 8ko kanpainarako aukeratu duen lema. Kanpaina horretan, ez dira zaintzaileak eurak agertzen, “haien beharra are agerikoagoa izateko”, esan zuen Artolazabalek. “Gizonak ere kontziliazio-eginkizunetan inplikatzea lortu behar dugu, eta, horretarako, kontziliazio erantzunkidea sustatu behar dugu”. Arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak sustatzearen eta berritzearen alde egiten. “Euskadi aitzindaria izan da aitatasun- eta amatasun-baimenerako aste-kopuruak berdintzen”.