- EuskarAbentura 2.0 konfinamenduan ospatu ostean, EuskarAbentura 2021eko espedizioan jarri dituzte begiak jada bere antolatzaileek, bertan parte hartzeko epea zabalik baitago jada. Izan ere, osasun egoerak bermatuz gero, abentura hau bueltan egongo da 2021eko udan. Bertan parte hartu nahi duten 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteek martxoaren 12ra arteko epea izango dute haien proiektua eta aurkezpen-bideoa bidaltzeko. Gainera, antolatzaileek aurreratu dute oraingo hautaketa prozesuan, egin ez den 2020ko espediziorako aurkeztutako hautagaitzak ere hartuko dituztela kontuan.

Koordinatzaileetako bat den Irune de la Maza Olagortak aurreratu du, zentzu horretan, hautagaitza aurkezteko, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dutela interesdunek, elkarteak proposatutako formatu eta gaien artean aukeratuz. Hauek guztiak, gainera, https://euskarabentura.eus/ web orrialdean daude ikusgai.

"Ikusita aurreko urtean zelan ibili ginen, uste genuen ez zela momentua asmatzen ibiltzeko, eta Interneten bidez egitea erabaki genuen, gazteei zer edo zer eskaintzeko", gogoratzen du, EuskarAbentura 2.0ren inguruan. Aurten, irailetik hasi dira lanean 2021eko espedizioari begira, eta denbora fisiko gehiago daukate. Hala ere, ezin dute ziurtatu %100ean espedizioa orain dela bi urte egindakoaren parekoa izango den, eta izen-ematea ireki zuten egunetik errepikatu dute saiatuko direla, baina ezin dutela ezer ziurtatu. "Baditugu hainbat aukera, eta momentuan indarrean dauden arau eta neurriekin egingo dugu aurrera; izan daiteke gazte kopurua murriztea, hiru ibilbide egitea bat beharrean... Ez dakigu".

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez.

Normalean, de la Mazak gogoratzen duenez, 10etik 15era bitartean igarotzen dira Arabatik; 11. Añanatik, eta gero Gasteiztik eta beste zenbait herrietatik.

Beste alde batetik, koordinatzaile honek dio lurralde bakoitzeko parte-hartzaile kopurua bakoitzaren biztanleriaren arabera zehatzen dutela. Horregatik, Arabari 12 plaza egokitzen zaizkio, eta diasporatik etorritako gazteei 2. Hori bai, lurralde historiko batetik bestera igarotzearen kontua, baita beste autonomia erkidegoetara joatearena, ez dakite nola egongo den.

Gainera, parte hartu nahi duten gazteek proiektu bat egin beharko dute, eta hori hautatua izan behar da. Gai desberdinen artean aukeratu dezakete gazteek proiektua egiteko, zenbait galdera erantzunez: Baserritik Sardexkara, gizakion elikaduraren kontsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean duen eraginaren inguruko hausnarketa bideratzeko; Klik eta post, gure gizartean irudiari ematen zaion garrantziaren inguruan gogoetatzeko; eta Adina, jakintzaren iturri, edadeko pertsonen esperientzia haintzakotzat hartzea inoiz baino garrantzitsua delako. Zuzuenketa ez dute haiek egingo, Eusko Ikaskuntzak baizik, PuntuEus fundazioko kide batzuekin. "Ez da bakarrik proiektua txukun edo landua dagoen, baizik eta nabaritzen dela informazioa bilatu dutela eta baliagarria dela". Haiek kriba txiki bat egiten dute hasieran, adibidez, neurriak betetzen ez dituzten lanekin. "Bost orrialde aurkeztu behar badira eta bakarra aurkezten bada, adibidez". Euskararen inguruko zenbait ekintza jorratzen ari dira azken urteotan gainera. Euskaraldia eta EuskarAbentura horren adibide aproposa dira; baina oraindik bide luzea geratzen da ibiltzeke. De la Mazak adierazten du, horren inguruan, praktikan jarri behar dela, egoerak eman praktika hori burutzeko egunerokotasunean, baita "dakigunok euskararekiko konpromiso hori guregan hartzea".

Baserritik sardexkara. EuskarAbentura 2021ean parte hartzeko hautagaitza aurkezteko, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute, elkarteak proposatutako formatu eta gaien artean aukeratuz. Baserritik Sardexkara, gizakion elikaduraren kontsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean duen eraginaren inguruko hausnarketa bideratzeko aukera emango die gazteei.

Klik eta post. "Irudiaren eta irudien garrantzia gero eta nabarmenagoa da gaur egungo gizartean. Azken urteotako neologismo, traola eta esamolde asko horren lekuko dira: selfie, postureo, #filtrorikez€ Nola eragiten digu horrek egunerokoan? Errealitatea erakusten dugu ala gure desioak? Pribatutasuna galtzen ari gara? Orain arte ezkutuan egon diren errealitateak plazaratzeko mesedegarri izan daiteke?".

Adina, jakintzaren iturri. "Konfinamendua baino garai okerragoak bizi izan dituzte askok. Aldiz, berrikuntza eta abiadura goratzen dituen gizarte honek ez du denborarik haientzako, ez bizitza iturri duten ezagutzentzako, ez atzera begirako irakaspenetarako, ezta erritmo lasaietarako ere".

12

12 arabarrek parte hartu ahalko dute EuskarAbenturan.