- EH Bilduk Udalari eskatu dio, eta, zehazki, Udaleko Hezkuntza zinegotziari, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeei “behar bezala” jakinaraz diezaiela karpak jar ditzaketela ikastetxeetan, horrela, “interesa duten ikastetxeek beren eskaera bideratzeko aukera izan dezaten”. “Urtarrilaren 22an amaituko da Udalek Hezkuntza Sailari eskaera horiek bidaltzeko epea, ikastetxe publikoetan karpak jartzera bideratutako gastuak finantzatzeko, Covid-19a dela eta behar den denborari lotuta, 2020/12/21eko EHAAn jasotakoaren arabera”, azaldu zuten atzo EH Bildu. “Ezinbestekoa da ikastetxeetan espazio aireztatuak izatea non jolasleku estaliak bermatu ahal izango diren. Erakundeak buru-belarri jardun behar dira haurrentzako espazio seguruak sortzen eta bermatzen”, gaineratu zuen Miren Larrion Gasteizko EH Bilduren bozeramaileak. Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren aurrean, “Hezkuntza Sailak bere gain hartuko du karpak instalatzeko kostu osoaren %90a”. Hori dela eta, Larrionek kostuaren gainerako %10a Gasteizko Udalak bere gain har dezala eskatu du, baita eskaera-kopurua baloratzea ere, lehentasuna emanez presiorik handiena jasaten duten ikastetxeei, bai hezkuntza arloan baita bestelakoetan ere -espazio-mugak, besteak beste-.