- Arabako ondarearen bost elementu zaharberrituko dituztela jakinarazi zuten atzo. Hala, Arabako Foru Aldundiak 57.690 euroko diru-laguntza emango du lurraldeko ondasun historiko batzuk babesteko. San Kristobalen egur polikromatuzko eskultura, Jesus haurrarekin, Uribarri Aranako San Kristobal ermitakoa (8.470 euro); Bercijana de Ekorako Andre Mariaren ermitako sarrerako egurrezko atea (14.745,06 euro), eta 1883an egindako Llantenoko eskoletako altzarien zati ziren mapak gordetzeko bi altzari (31.278,50 euro). Hiru horiei beste bi proiektu gehitu behar zaizkie, Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker zaharberrituko direnak. XVI. mendeko kareharrizko harroin bat, Urarteko santutxoa zaharberritzeko lanetan agertutako beladura gorri batekin polikromatua (10.052,56 euro) eta Araiako arte garaikideko bildumako hiru margolan (Daniel Castillejoren 'Pintura'; Rafael Lafuenteren 'Andoni Urreztarazuri omenaldia' eta Juan Sagastizalen 'Izenbururik gabe' margolana).

Hala, Ana del Val diputatuak zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailak Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko edota zaharberritzeko esku hartzeetarako dirulaguntzen deialdia ebatzi du, probintziako ondasun artistikoetan bost esku hartze diruz lagunduz eta, guztira, 57.690 euroko inbertsioa eginez. Kultura eta Kirol Sailak atzo jakinarazi zuenez, Foru Aldundiak bere helburuen artean aurreikusten du toki-erakundeek sustatutako ekimenak diruz laguntzea, ondare-elementuak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeak sustatze aldera. Ildo beretik, Ana del Valek atzo esan zuenez, "Sailak gure kultur ondarea kontserbatzeko eta zaharberritzeko duen konpromisoa ziurtatu nahi du, batez ere krisi ekonomiko honetan, horren alde egiten jarraitu behar baita".

Bost ondare-elementu horiek zaharberrituta, Arabako Foru Aldundiak lurraldeko ondare-ondasunekiko konpromisoa erakutsi nahi du. Izan ere, ohikoa da Aldundiak lan egitea eta laguntza ekonomikoak bideratzea kultura-ondasunak kontserbatu eta konpontzeko. Hala, normalean, arazoaren jatorrian eragiten da; oro har, kultura ondasunarekin berez zerikusirik ez duten eragileak izaten dira, hala nola, ingurumen baldintzak, jendearen eragin okerra. "Era horretan, aurrea hartzen diegu narriadurari edo erabateko galerari eta saihestu egiten da ondasunetan tratamendu gogorrak eta garestiak aplikatu beharra", azaltzen dute Aldundiatik. Kultura ondasunaren esku hartzearen oinarrizko helburuak kontserbatzea eta etorkizunari igortzea dira. Horretarako, aplikatutako kontserbazio eta zaharberrikuntza irizpideak, arlo horretan indarrean dauden legedian eta arauetan oinarritzen dira. Printzipio horietan oinarritzen dira: Artelanaren osotasun historikoa, fisikoa eta estetikoa, aplikatutako irizpideen bakartasuna eta zuzentasuna, ahalik eta informazio gehien biltzea, prebentzio kontserbazioari lehentasuna ematea, ahalik eta esku hartzerik txikiena egitea, leheneragarritasuna eta tratamenduaren kalitatea ziurtatuko dutenen gaitasuna eta profesionaltasuna. Ildo horrretan jarraituz, Aldundiatik azaldu dutenez, "askotan, beste zaharberrikuntza zentro, museo eta erakundeekin lankidetzan aritzen gara proiektuetan".

Diru-laguntza. Ana del Val diputatuak zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailak Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko edota zaharberritzeko esku hartzeetarako dirulaguntzen deialdia ebatzi du, probintziako ondasun artistikoetan bost esku hartze 57.690 euroko inbertsioa eginez.

Esaldia. "Sailak gure kultur ondarea kontserbatzeko eta zaharberritzeko duen konpromisoa ziurtatu nahi du, batez ere krisi ekonomiko honetan".