- Batera zaintza sare herritarrak atzo adierazi zuen gutun bat helarazi diola Gasteizko Udalari bilera bat “ahalik eta lasterren” burutzeko asmoz. Haiek lortu nahi duten helburuetako bat, prentsa ohar baten bidez gogoratu zutenez, udaletik eskaintzen diren zerbitzu sozialekin nolabaiteko koordinazioa mantentzeko aukerak baloratzea da. “Zaintza sare herritarreko kideek jakin dutenez, osasun langile, zerbitzu sozialetako langile zein udaltzain batzuk, herritarrak Batera zaintza sarera bideratzen ari dira, bertatik herritarrek dituzten zaintza beharrei erantzuteko baliabiderik ez dagoenean”, azaldu zuten haien komunikatuan.

Bilera honetan beste gai batzuk ere landu nahi dituztela aurreratu zuten gobernuari bidali zioten gutunean. Izan ere, Gasteizen dauden zaintza beharren eta horiei aterabidea emateko gaur egun eskuragarri dauden zerbitzuen inguruko analisia eta argazkia konpartitu nahi dutela adierazi zioten Baterako kideek Gasteizko udal gobernuari. Azkenik, sare honetako kideek gaineratu zuten “komunitateak betetzen dituen ezinbesteko lanak segurtasunez betetzea oinarrizko irizpidea dela sareko kideentzat”. Baita ere, herritar guztien osasuna zaintzeko segurtasun neurri bezala, bilera telematikoki burutuko luketela adierazi zuten eta gonbidapenari beranduenez astelehenean erantzuteko eskatu zioten udalari.