Oporrak Bakean programak Arabako 20 familia behar ditu oraindik

44 urte daramatzate arabar gizartea eta saharar herria ekimen honekin

25.02.2020 | 00:14
2018. urtean Gasteizen bi hilabetez ibili ziren saharar umeen harrera Aldundian.

gasteiz – Arabako 20 familia eman dezakete izena, oraindik, Oporrak Bakean programan murgiltzeko. Horrela adierazi zuten atzo prentsaurreko batean Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Araban saharar haurrei familietan harrera emateko elkarteak (Afanis) eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak; ekimen honetan parte hartzen duten erakunde eta elkarteek, alegia.

Zentzu honetan, Afanisek gogoratu zuen oraingo honetan, helburua 11 eta 12 urte bitarteko 50 haur hartzea dela, aurekoetan bezala. Gainera, 44 urte bete ditu jada programak, eta aurtengo leloa Orain bi familia dauzkat da. Hala gogoratu zuten atzo Nerea Melgosa Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak, Jon Armentia Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurtzaroaren zinegotziak, Irune Lujambio Afaniseko lehendakariordeak eta Brahim Abdelfatah Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkari ondokoak.

Agerraldian, Irune Lujambio Afaniseko lehendakariordeak iragarri zuen aurten, lehenengoz, web orrialde propioa daukatela –afanis.org–, "familiek jakin dezaten zer den ume horiek hartzea". Gainera, harrera egiteko programan parte hartu nahi dutenek bi telefono dauzkate deitzeko –650 134 011 eta 665 711 947– edo email bat bidali dezakete afanisalava@gmail.com posta elektronikoko helbidera.

"Arabar gizartearen eta saharar herriaren arteko zubiak indartzeko tresna da hau", gogoratu zuen Melgosak, eta adierazi zuen hona etortzen diren umeek haien bi familiak sentitzen dituztela, eta hau bi lurraldeak elkartzeko aukera ere dela. Gainera, lau entitateek lankidetza hitzarmen bat daukate izenpetuta Oporrak Bakean programa garatu ahal izateko, udako bi hilabeteetan aldi baterako harrera programa baita, iheslari kanpamenduetatik datozen haurrak hartuak izan daitezen Arabako familietan udako bi hilabetetan.

Guztiek argi zeukaten atzo sustatu nahi dela saharar herria eta Arabako Lurralde Historikoa elkarri gerturatzea, eta arabar gizartearen gai horrekiko oharmena areagotzea. Horrez gain, Melgosak erantsi zuen programa horren bidez sustatzen dela "haurrek beste errealitate batez goza dezaten bi hilabetetan, basamortuko beren eguneroko errealitateaz bestekoa, mediku arreta eta elikadura orekatua emanez, eta, aldi berean, kultura truke bat sustatuz saharar haurren eta arabar haurren artean".

Jon Armentiak, bestalde, programaren onurei buruz hitz egin nahi izan zuen: "Oporrak bakean giza elkartasunaren esperientzia eta gizartea eraldatzeko esperientzia da. Saharar adingabeei familia baten berotasuna sentitzeko aukera ematen die, etxetik milaka kilometrora egon arren, eta Arabako familiei kultura arteko esperientzia izateko aukera ematen die. Gogora ekarri nahi dugu Gasteiz izan zela Sahararekiko elkartasunean aitzindari izan zen hirietako bat, eta hori, erakundeen babesaz gain, Arabako familia horien guztien konpromisoari esker da".

betebeharrak Aurten, beste urteetan bezala, Afanisek 50 bat familia eskatu ditu, eta gainera Lujambiok adierazi zuen bezala, guztiek errepikatzen dute esperientzia. "Garrantzitsua da ume hauentzako kanpamenduetatik bi hilabetez irtetea", azpimarratu zuen. Programan parte hartzeko ez daude betekizun gehiegi. Denbora da baldintzarik garrantzitsuena, baita gogoak izatea ere. Gainera, haien errealitatea ezagutzea ere eskatzen dute.

Bestalde, elkartekoek dokumentu guztiak kudeatzeaz arduratzen dira. Lujambiok aurreratu zuen Araban 50 familia inguru inskribatzen direla urtero, eta Euskadi mailan datu hori 340koa dela. Kanpamenduen egoera klimatologikoari buruz ere hitz egin zuten laurek. Abdelfatahk esan zuen egoera kanpamenduetan "bihurria" zela, egun oso batean hotza, haizea eta beroa egon zezakeela. "55 graduetara hel gaitezke batzuetan", kontatu zuen.

Azkenik, Arabar gizartearen laguntza eskatzeko, Melgosak honakoa adierazi zuen: "Oporrak Bakean ekimenaren helburuetako bat Saharako kanpamenduen errealitatea hurbilagotik ezagutzea, enpatia izatea eta milaka familiak bertan bizi dituzten baldintza latzei elkartasuna adieraztea da, hemen familia oso bat dutela jakinaraziz, hau da, Arabakoa eta Euskal Herrikoa, bere kausaren eta eskubideen alde eginez". Horrela, lau erakunde eta elkarteetatik elkartasuna eta elkarlana sustatzen jarraituko dute, eta Arabako familiei bide horretan bat egitea eskatzen diete, haiekin pausoak aurrera emateko.

izena eman

Web orrialdea. Afanisek gogoratu zuenez, aurtengoa da web orrialde propioa duten lehengo urtea, "familiek jakin dezaten zer den ume horiek hartzea".

Telefonoa. Oporrak Bakean programan izena emateko zenbait aukera daude. Horietako bat telefonoz deitzea da. 650 134 011 eta 665 711 947 zenbakietara dei daiteke.

Posta elektronikoa. Beste aukera bat posta elektronikoaren bidez mezu bat bidaltzea da. Helbidea afanisalava@gmail.com da.

datuak

50

Araban urtero 50 bat familia ematen dute izena Oporrak Bakean programan parte hartzeko. Aurten Afanisekoek espero dute datu horiek errepikatzea, eta horregatik oraindik 20 familia behar dituzte saharar andingabeek hona etortzeko.

340

Arabako kasuan 50 familiek parte hartzen badute urtero –47-48 inguru– Euskadi mailan datu hori askoz ere altuagoa da. 340 familia inguruk ematen dute izena Oporrak Bakean ekimenean partzeko Euskal Herrian.