«Batzuetan irabazi, beste batzuetan galdu eta beste batzuetan berdindu egiten da… baina gaztetxoek entrenatzera eta jokatzera gogotsu eta ilusioz etortzen jarraitzen badute, denboraldia beti izango da ona». Horrela laburbiltzen du Santi Brievak, CD Lakuako Kirol Koordinatzaileak, eskola-futboleko denboraldiaren hasiera. Klub honek 32 talde ditu, horietatik 25 eskola-kirolean: 22 gizonezkoak eta 3 emakumezkoak. Hala ere, Santiren hitzetan, «gizonezkoen eskola-ligan jokatzen duten gure talde guztiak mistoak dira, eskolako edo klubeko lagunekin jolastu nahi duten neskek horretarako aukera izan dezaten».

Antolaketa

Hainbeste talde antolatzeko (330 kirolari eskola mailan), Sansomendiko futbol-zelaietan (8ko futbola eta 11ko futbola) eta Lakua 03 kantxan (5eko futbola) entrenatzeaz gain, auzoko hainbat ikastetxeren laguntza dute bere kiroldegietan entrenatzeko (IPI Sansomendikoak). «Gainera, entrenatzaile talde bikaina dugu (2 talde bakoitzeko), eta laguntza hori gabe ezinezkoa izango litzateke hainbeste ume ondo eramatea. Kasu askotan, entrenatzaile horiek etxekoak dira, jokalariak edo jokalari ohiak, eta ondo ezagutzen dute klubaren dinamika, eta horrek erraztu egiten du haien lana».

Klubaren filosofia

«Haurraren prestakuntza integrala da garrantzitsuena. Lehenik, prestakuntza ematea, gero lehiatu ahal izateko, kirol-arloan ezeri uko egin gabe, baina inor atzean utzi gabe. Familiek badakite, beren seme-alabak klubean sartzen badira, eskola-etapa osoan jarraitu ahal izango dutela, maila edozein dela ere. Klubak ez ditu jokalariak fitxatzen etxekoak botatzeko», dio Santik, eta gaineratzen du: «Kirola haurren garapen mentalaren eta fisikoaren funtsezko zatia da, baina, gainera, kultura aldetik oso aberatsa den auzo batean kokatuta egoteko zortea dugu, eta horrek aukera ematen die gure jokalariei kultura anitzeko giro batean espazioa eta denbora partekatzeko, denoi gure ingurunea ulertzen eta baloratzen laguntzen diguna».

«Guretzat harro egoteko modukoa da gure talde federatuak, kadeteak eta gazteak, % 90ean klubetik etorritako gazteek osatuta egotea. Gure filosofiak erakutsi du kirol-helburuak lor daitezkeela, hala nola kadete eta gazte mailako euskal liga irabaztea, inor atzean utzi gabe», bukatu du koordinatzaileak.

Leire eta Izaro

Lakua A kimu taldeko jokalari hauek txikitatik jokatzen dute futbolean, «lehengusuak erakutsi zidan», dio Izarok, eta Leireren kasuan «aita futbolaria izan zelako hasi nintzen». Biek argi daukate gehien gustatzen zaiena «lagunekin jolastea eta ondo pasatzea» dela futbolaren alde erakargarriena, eta ea beste kiroletan aritzen diren galdetzean, Izarok «skate» erantzuten du ziztu bizian. Gaur partida izan dute, eta beraiekin hitz egiten dugunean, atsedenaldian daude. «Kontrakoen lehenengo urtea da lehiaketan, eta lasaiago gaude, baina bigarren sailkatuaren kontra jokatu genuenean, urduriago geunden», azaltzen dute, «hala ere, gure buruekin zorrotzak izan behar dugu beti, bestela...», gehitzen du Leirek. Orain arte ez dute partida bat ere galdu, «pase onak egiten ditugu, eta gure artean hitz egiten dugu jokatzean», azaltzen dute.

Adam, Dani, Marco eta Yeray

Lakua B haur taldeko jokalariak dira. Adamek bi urte daramatza klubean, Marco 10-11 urterekin hasi zen, Dani aurten hasi da eta Yerayk hasieratik jokatu du klub honetan. Denek daramate futbola barruan txikitatik, eskolan edo auzoan lagunekin jolasten zutenetik, baina Daniren kasuan, atezaina izanik, Iker Casillas 2010eko mundiala irabazten ikusteak bultzatu zuen kirol honetan aritzera. «Dibertitzea, irabaztea» (Adam), «Esan ahal izatea:"Egin ahal izan dut, eta egiten jarraitzen ahal dut"» (Marco), «taldearentzat lan egitea, haren alde sakrifikatzea» (Dani), «jokalari famatuenak bezala jokatzea» (Yeray), dira jokatzera eta entrenatzera bultzatzen dituzten arrazoietako batzuk. «Denboraldia oso ondo hasi genuen eta liga erraza izango zela uste genuen, baina une gogorrak iritsi ziren, eta orain borroka egitea dagokigu», dio Marcok.