Eskola-kirolaren egutegiak pixkanaka martxa hartzen du, eta gala, lehiaketa eta topaketa ezberdinak hurbiltzen hasi dira. Baina erakustaldiak egiten eta lehiatzen hasi aurretik, ez dago batere gaizki gainerako kirolariak ezagutzeko tarte bat izatea, eta bide batez entrenamenduen egunerokoan lan egiteko denborarik ez dagoen aerobicaren alde horietan sakontzea. Aerobica egiten duten haur mailako kirolariek horrelako tarte bat —kontzentrazioa esaten diote— izan zuten joan den larunbatean Sansomendin.

Kontzentrazioak

Kontzentrazioak entrenamendu bereziak dira non klub edo entitate desberdineko umeek elkarrekin entrenatzen duten lehiaketekin hasi aurretik. Lehiaketetan euren artean lehiatuko direnez edo elkarrekin egongo direnez, Arabako Federazioak ume horiek lehenago elkar ezagutzea eta haien arteko konfiantza bultzatu nahi ditu. «Kontzentrazioen helburua elkar ezagutzen ez duten umeek elkarrekin entrenatzea, ezagutzea, ondo pasatzea, eta elkarrenganako konfiantza lantzea izaten da. Amankomunean duten eta maitatzen duten kirol hori elkarrekin konpartitzea», azpimarratzen du Nataliak, kontzentrazio honen entrenatzaileak.

«Gabonetako galan elkarrekin egingo dute dantza eta gero hasiko dira lehiaketekin: martxoan kontrol bat; apirilean, Arabako joko eskolarren finalaurrekoa; maiatzean finala; maiatzaren amaieran Euskadiko Eskolarteko Jokoak... horregatik egiten ditugu orain, azaroan, zazpi kontzentrazio, eta beste zazpi urtarrilean» azaldu du.

Kontzentrazio horietako bakoitzean kirolariak biltzen dira adin-taldearen arabera (benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak), eta deialdi bakoitzean kirol horren alderdi ezberdinak lantzen dira: «Orain azaro-abenduan elkarrekin entrenatuko dutena banakako lana da. Eta gero, urtarrilean, bilatzen dena binakako, hirukoteko eta taldeko lana egitea da. Gainera beti malgutasuna, koordinazioa, indarra, gorputz teknika, akrobaziak... denetarik lantzen saiatzen gara. Aerobicak daukan aberastasun hori ematen saiatzen gara, eskola-kirolarientzako ere aberasgarria izan dadin».

Onura pila bat

«Aerobicaren bidez harremanak lantzen dituzte, konfiantza garatzen dute, lagunak egiten dira, talde lana egiten eta diziplina ikasten dute eta lehiaketetan garaipenak eta porrotak kudeatzen ikasten dute... psikologikoki eta sozialki onura izugarriak ditu aerobicak umeen garapen integralerako» azaldu digu entrenatzaileak. Eta egoera fisikoari dagokionez, onuren zerrenda luzea da ere, «indarra, potentzia, malgutasuna, bihotz-biriketako ahalmena… Edozein umeri gomendatuko nioke aerobica praktikatzea, sozialki, psikologikoki eta fisikoki onura handiak dakartzalako». Eta hau dena alde ludikoa edo dibertigarria ahaztu gabe: «Kirol oso dinamikoa da, beti musikarekin egiten da eta oso ondo pasatzen dute elkarlana sustatzen eta harreman berriak eta osasuntsuak lantzen», gehitu du Nataliak.