Patinajea, robotika eta programazioa, zumba, karatea, multisaski, multikirola, zirkua, eskulanak, antzerkia, ingelesa, hockeya, saskibaloia, parkour, dantza modernoa, igerilekuko jokoak, multifutbola, saskibaloiaren teknifikazioa… eta ziur gaude Mariturri ikastetxeak eskolaz kanpokoetan eskaintzen duen beste jardueraren bat ahaztu egin zaigula...
Idoia Rodriguezek eta Mónica Oguetak bost urte daramatzate eskaintza hori antolatzen, eta harro adierazten dute: «Mariturri Ikastetxea, auzoan eta baita Gasteizen ere, eskaintza zabalenetakoa duen eskoletako bat izan daiteke, bai ikasturte osoan, bai gauza jakin batzuetan, irteeretan edo oporraldietan».
Eskaintza
«Eskaintza egiteko orduan kontuan hartzen duguna da beti eskaintza zabala izatea, gustu guztietarako eta ikasleek izan ditzaketen interes guztietarako, bai kirolean, bai kulturan. Egia esan, eskaintza zabalagoa da kirol arloan», dio Idoiak, «asko axola baitzaigu gure haurrek kirola egin dezaten, eta beren gustuekin bat datorren kirol-jardueraren bat egon dadin saiatzen gara». Eskaintza horren aurrean erantzuna oso ona izaten da, eta haur eta lehen hezkuntzako 370 haur inguruk parte hartzen dute eskolaz kanpoko jardueretan. Talde guztiek dute parte hartzaile talde handi bat, baina jardueraren bat nabarmendu behar bada, «karatea beti izan da hautatuenetako bat, eta adin tarte guztietan dauzkagu taldeak, eta zumba ere oso ospetsua da, asko gustatzen baitzaie dantzatzea eta mugitzea».
Topaketak
Baina jardueren eskaintza ez da eskolaz kanpoko jardueretara mugatzen, «beti ari gara pentsatzen zer jarduera desberdin egin daitezkeen, edo asko gustatu zaizkigun batzuk errepikatzea», kontatu digu Idoiak. Topaketa hauek, gainera, ikastetxeko bizitzan parte hartzen duten pertsonen arteko harremana sendotzeko eta harreman horietan euskararen erabilera sustatzeko balio dute. «Beti egiten dugu barnetegi bat ikasturte berria hasi aurretik, berriro elkar ikusi eta ondo hasteko. Gero, ikasturte amaieran, beti joaten gara asteburu batean abentura-jarduerak egitera, gustatzen zaigun aterpetxeren batera. Egia esan, ikasleek asko gozatzen dute eta asteburu horiek ilusio handiz espero dituzte. Gabonetan eta Aste Santuan ere jarduerak egiten ditugu. Kirolekoak edo kulturalak izan daitezke, urtez urte bururatzen zaigunaren arabera».
Ekipamendua
Jarduera horiek garatzeko beharrezko ekipamenduei dagokienez, antolatzaileek haurrek kirola egin dezaketen haizetik eta euritik babestutako gune baten falta igartzen dute. «Ikastetxea eraiki zenetik, itxita dagoen kanpoko espazio baten falta sumatzen dugu, bustiko ez dena, goiko partea baino ez duen aterpe bat daukagulako; hala, euria egiten badu edo airea egiten badu, haurrak estalperik gabe egongo dira. Ez dugu kiroldegi itxi bat kirola egiteko. Horregatik, askotan, jarduera batzuk ezin dira egin, edo Zabalganako Gizarte Etxeak lagatzen digun espazioaren mende egon behar dugu».