Aurten ere, Arriagako kiroldegia mahai-teniseko piloten erreboteen soinuez betetzen hasi da. Joan den igandean, diziplina honetako berrogeita hamar kirolari baino gehiago bildu ziren zentro zibikoan, eskolako mahai-tenisaren egutegia osatzen duten 7 jardunaldietako lehena ospatzeko.

Parte-hartzea

Gasteiz, Lautaro eta Gailak klubetatik eta Umandi eta Mercedarias ikastetxeetatik etorritako gazte kirolariek hasiera eman zioten jardunaldiari goizeko 9.30etatik aurrera kiroldegian bertan egin zen inskripzio batekin. «Ikasturtearen hasieran beti dago zalantza ikusteko ea Araban eskola-lizentzia duten neska-mutil guztiak lehiatzera animatzen diren.

Guztiei ez zaie lehiatzea gustatzen, baina kasu honetan, egia esan, erantzuna positiboa izan da, eta eskola-kirolean izena emanda dugun pertsonen % 55ek parte hartu du txapelketa honetako lehen jardunaldian; beraz, balorazioa positiboa da», adierazi du Ruben Martinezek, Arabako Mahai-teniseko Federazioko eskola-kiroleko arduradunak.

Jardunaldia

Lehen jardunaldi hauetan bikoteak pixka bat ausazkoak egiten dira, 4 edo 5 jokalariko taldeak osatuz ahalik eta partida gehien joka dezaten, eta kanporaketak egiten dira finalera iritsi arte.

Hurrengo jardunaldietan, osatzen ari den rankingaren arabera egingo dira parekatzeak. «Txapelketa horietan sortzen diren emaitzekin loturik, eskola-kirolaren teknifikazio-jardunaldiak ere antolatzen ditugu. Jardunaldi hauetan 12 jokalarik parte hartzen dute eta helburua gaztetxoen bilakaeran alderdi tekniko eta taktikoak hobetzea da, egunerokoan landu ezin diren gauzak», gehitu du Rubenek.

Erronka

«Minorizatuta» deituriko kirol bat denez, eskolako mahai-tenisaren inguruan sortzen diren taldeak mistoak eta oso heterogeneoak izaten dira, baina horrek ere badu bere alde positiboa.

Aritz Delgadoren, Gasteiz Klubeko eta Mariturri eta Mercedarias ikastetxeetako entrenatzailearen hitzetan, «nagusiek asko laguntzen diote txikiei, eta behin hasten direla jolasean, berdin dio neska ala mutila izatea, haien artean lehiatu daitezke, eta gauza berdina adinaren arabera. Zortzi urteko neska batek hamabi urteko mutil baten aurka jolastu dezake. Hori beste kirol batzuetan zailagoa da ikustea eta nahiko aberasgarria izaten da».

Hala ere, «lanean jarraitu behar da pertsona gehiagorengana iristeko, nahiz eta zaila izan. Leku berrietan finkatzea oso zaila da, kirol honetarako instalazio gutxi daudelako (Arriagako kiroldegia da instalazio iraunkorrak dituen bakarra) eta zaila egitan zaigu gune berrietara mugitzea mahai-tenisa egiteko bide berriak irekitzeko.

Dagoeneko jarduerak ditugun puntuak indartu behar ditugu, eta jendea animatu behar dugu parte hartzera eta hirian ditugun eskoletan izena ematera, kirola ezagutu dezaten eta mahai-tenisarekin bat egin dezaten», azpimarratu du Rubenek.

Klubak

Gasteiz tenis de mesa:

Arriaga eta San Andres kiroldegietan entrenatzen dute, eta kirolari gehien dituen kluba da, 60 inguru eskola-kirolean.

Kontaktua: adgasteiz@yahoo.es

Lautaro

Lakua-Sansomendi kiroldegian aurki ditzakezu, astelehenetik ostegunera, 17.30etik 21.00etara

20 kide inguru dira, 5 eskola-kirolekoak.

Kontaktua: cdtmlautaro@gmail.com

Gailak

Hegoalde Gizarte Etxean entrenatzen dute

17: 30etik 19: 30era (astelehen eta asteazkenetan) 17: 00etatik 19: 30era (ostiraletan)

30 pertsona inguru dira, 4 eskola-kirolekoak

Kontaktua: 667 82 71 89 edo 634 43 41 98

gailak.tenisdemesa@gmail.com