Badira bost urte Zabalgana Gizarte Etxeak lanean hasi zenetik, eta urteurrena ospatzeko arlo ezberdinei buruzko jarduera pilo bat antolatu dira: argazkigintza, muralak, antzerkia, musika... Kirolak ere bere txokoa izan du urtebetetze honetan, eta joan den ostegunean kirol inklusiboak hobeto ezagutzeko aukera izan genuen bertako kantxetan.

«Oinarrizko gizarte zerbitzuak eta kirol teknikariak erabaki genuen kirol inklusiboak ezagutzeko jardunaldiak antolatzea, auzoko bizitzan parte hartzen duten eta halaber kirol hauek praktikatzen duten elkarteen eskutik» azaldu digu Pablok, kaleko hezitzailea, bere lankidea den Zuriñerekin batera eta «kale hezkuntza programan parte hartzen duten gazteekin ere» jardunaldiaren antolakuntza lanetan ibili direnak. Kirol inklusiboak hainbat trebetasun garatzeko aukera ematen die parte-hartzaileei, hala nola talde-lana, lankideekiko adiskidetasuna eta aurkariekiko errespetua, eta bitarteko ezin hobea da pertsona guztien parte-hartzea eta lankidetza sustatzeko, haien jatorria, generoa, gaitasuna, edo adina zeinahi ere den.

Goalball

Ikusmen urritasuna duten pertsonentzako bereziki pentsatuta dagoen kirola da. Goadball-ean jokatzeko zelaian hiru jokalarik osatutako bi talde osatzen dira. Helburua barruan kaskabiloak dituen pilota batekin aurkako taldearen atean gola sartzea da, eskuak erabiliz. Entzumen sena erabiltzen da pilota nondik nora doan antzemateko eta leku egokienean kokaturik egoteko gaitasuna behar da, pilota gelditzeko edo jaurtitzeko. Gola eragozteko edo baloia harrapatzeko gorputza osoa erabil daiteke. Jokalari guztiek mozorro opakuak daramatzate, partaide guztiek ikusmen bera izan dezaten. «Bigarren guda mundiala bukatu ostean asmatu zen kirol hau, ikusmen urria zuten edo itsuak ziren pertsonentzako kirola egiteko aukera bezala, eta pixkanaka kirol paralinpiko bilakatu da», kontatu digu Enekok, Itxaropena taldeko laguntzailea, «mozorroa erabiltzean kirol honetan denek jokatzen dute aukera berberekin, eta baliogarria da ere ikusmen urriko pertsonek dituzten zailtasunetaz jabetzeko», gehitu du.

Kin-ball

Hiru talde mixtoak, lau lagunetakoak, aritzen dira zelaian. Talde bakoitzak kolore bat du, eta partida hasteko, taldeetako batek edozein norabidetarantz botako du baloi erraldoia, jaso behar duen taldearen kolorea esanez. Kolorea duen taldeak lurra ukitu baino lehen jaso beharko du baloia eta berriz bota, beste talde baten kolorea esanez. Horrela jarraituko dute talderen batek huts egin arte.

«Kirol honek talde-lana, kidetasuna eta elkarrekiko errespetua bultzatzen ditu. Dibertigarria izateaz gain balore garrantzizko baloreak sustatzen ditu», esan digu Markelek, Kokuk elkartekoa. Elkarte honek, gizarte-hezkuntzan eskola eta gizarte-zerbitzuen eremuan aritzen dena, maiz erabiltzen du kirol hau lan-tresna moduan, sustatzen dituen baloreengatik hain zuzen. «Kin-ball-aren kolektibitate oso irekia da, eta edonork parte har dezake bertan», dio Markelek.

Goalball-ak azterketa gainditzen du

«Joko honetan jolastean, egunero itsuek zer sentitzen dutenez konturatu gara apur bat»

Talde honek oparitzeko moduko energia du, eta gaur oso ezaguna ez den Goalball kirolera hurbiltzeko erabili dute. Barruan kaskabiloak dituen baloi bat itsu-itsuan bilatzen ohitzeko jolas batzuekin hasi ondoren, entzumen zentzuaz soilik gidatuta, goalball partida bat jokatu zuten, Itxaropena elkarteko Eneko eta Pascualen laguntzarekin.

Neska hauek 9 eta 12 urte bitartekoak dira. Horietako batzuek esan digutenez, lehenago ere jokatu izan dute Goalbalen, bai eskolan, bai gizarte-etxean, eta, besteak beste, futbola, gimnasia, dantza eta balleta egiten dute.

Zer iruditu zaizue kirol hau?

Polita, eta dibertigarria, oso ondo pasatu dugu, gustatu zaigu.

Zer sentitu duzue itsu-itsuan jokatzean?

- Joko honetan jolastean, egunero itsuek zer sentitzen dutenez konturatu gara apur bat.

- Bai, hasieran deseroso samarra izan da, dena beltz ikusten duzu, ez duzu ezer ikusten eta larritasun pixka bat sentitzen duzu.

- Hasieran deseroso samar, baina gero, askoz hobeto.

Egiten dituzuen beste kirolekin alderatuta, zer iruditu zaizue hau?

Kirol hau lasaiagoa da.

Érica eta lagunak

«Kirol honetan beste jokalariekin harreman gehiago duzu»

14 urteko neska honek egiten dituen kirolen artean karatea eta boxeoa daude, eta borrokaldia horien zati garrantzitsu bat den arren, entrenamenduetan lagunekin ondo pasatzea da gehien gustatzen zaiona. Zabalganan kin-ball-a ezagutzeko aukera izan zuen, bere gustuekin bat datorren kirola.

Ezagutzen zenuen kirol hau?

Ez, ez nuen inoiz ikusi, ezta kin-ball-ean jolastu ere.

Eta zer iruditu zaizu?

Ondo dago joko hau, taldekoa da, eta hori oso ondo dago. Nahiz eta gaur azken orduan heziketa fisikoa izan dudan eta nekatu samar nentorren...

Ba al dakizu kirol inklusibo bat zer den?

Ez dakit ondo zer den hori, baina kirol honetan beste jokalariekin harreman gehiago duzu, eta hobeto ezagutu ditzakezu, eta taldeka aritzen zara lanean haiekin… oso dibertigarria da.