Joan den ostiralean Legutioko kiroldegira hurbildu ziren umeek gimnasia erritmikoarekin kontaktua izateko (zenbait kasutan lehena) aukera izan zuten Bagare klubak antolatutako tailerrean. Helburua, Legution gimnasia erritmikoko talde berri bat sortzea, eta bete egin da. Hiru eta zazpi urte bitarteko taldea eta zortzi urtetik aurrerakoa martxan daude jada.

Bizirik eta erronka berriak

«Burgelun orain dela bost urte hasi ginen entrenatzen, eta oso gustora gaude, baina taldea gero eta handiagoa da eta aurten beste egitasmo batekin hasi gara, Bizirik, Gasteizen ere zerbitzua emateko, jende asko interesatuta baitzegoen gure lanean baina ezin zuen Burgeluraino etorri» esan digu Uxue Reguerok, klubaren presidentea. Momentuz Lakuan (Gasteiz Baila), Rodas gimnasioan, Aldaben eta Lopez de Guereñu eta Samaniego ikastetxeetan egongo dira erronka berri honetan.

Baina Bizirik sortzeaz gain, Bagare taldeak ere bere hedapena izango du ikasturte honetan herrietan, eta Burgelun, Ozaetan eta Ikasbidea ikastolan (Durana), egongo dira bere taldeak entrenatzen: «Herrietan ikusi genuen ez zegoela eskaintza handirik, eta askotan gurasoek ez dituztela umeak gimnasian apuntatzen ezin dituztelako Gasteizeraino eraman» dio Uxuek, eta Legution egiten ari diren lanari buruz gehitzen du: «Aste hauetan Legutioko ikastolan gorputz hezkuntzako irakasleekin koordinatu gara eta gimnasia klasetxoak ematen ditugu ikasleek proba dezaten. Klaseetan mutilak zein neskak daudenez, mutilek ere ikus dezakete gimnasia erritmikoa ez dela emakumeentzako soilik. Batzuek probatu dute jada eta oso gustora egon dira… ea baten bat animatzen den!».

Garazi, gimnasia erritmikoko entrenatzailea

«Balio anitzeko kirola da hau: psikomotrizitatea, erritmoa eta malgutasuna, besteak beste, lantzen dituzu»

Marietako 25 urteko neska honen harremana gimnasiarekin oso goiz hasi zen, hiru zituelarik, bere ikastolako beste neska batzuekin gimnasia erritmikoko eskolaz kanpoko jarduera batean izena eman zuenean. Urte batzuk entrenamenduetan eta lehiaketan eman ondoren «entrenatzaile tituluak atera nituen, eta bederatzi urte daramatzat entrenatzaile lanetan». Denboraldi honetan Legution hasi berri den taldearen arduraduna izango da.

Zergatik gomendatzen duzu kirol hau, zeintzuk dira kirol honen onurak?

Balio anitzeko kirola da hau, entrenamenduetan tresna asko erabiltzen dituzu, eta psikomotrizitatea, erritmoa eta malgutasuna, besteak beste, lantzen dituzu. Ariketak ondo ateratzeko gauza asko aurrera eraman behar dituzu aldi berean.

Zer moduz joan da tailerra?

Hasi gara beroketa batzuekin, eta gero tresnak probatu dituzte, jakiteko zeintzuk diren eta zer egin daiteken tresna bakoitzarekin, eta bukatzeko dantza bat prestatu dute. Jende asko animatu da. Orain herrian badakite hemen gaudela eta zer egiten dugun, eta nola, eta hori oso aberasgarria da.

Lehen pausuak erritmikoan

«Den-dena gustatu zaigu!»

Argazkian agertzen diren Izadi, Ane, Olatz, Jare eta Ekhiñe, ostiralean Legutioko kiroldegira hurbildu ziren gazteetako batzuk dira. Tailerrean aritu ondoren, eta Bagare taldeko kirolarien laguntzarekin prestatu zuten ariketa aurkeztu baino lehen ondorengo hau kontatu ziguten.

Ezagutzen zenuten gimnasia erritmikoa?

Ez, lehenengo aldia izan da hau.

Eta zer iruditu zaizue?

Oso polita da, nahiz eta hasieran dena apur bat zaila… ez ditugu erabili inoiz tresna hauek!

Eta tailerrean egin duzuenaren artean —tresnak, ariketak—, zer da gehien gustatu zaizuena?

(Badirudi oso argi daukatela eta batera erantzuten dute) Dena!

Beste kirolaren bat egiten duzue?

Bai, eskolaz kanpokoetan patinajea, pilota eta pala egiten dugu… Euskal dantzak ere igual ateratzen dira.