Síguenos en redes sociales:

Uda Michael Jonathan Foxekin

Gaztedi klubaren eskutik azeri honek errugbiaren historia kontatzen digu

Rugby

7

Michael Jonathan Fox azeri askojakin, ironiko eta garratza da, «Errugbyaren istorio sinesgarria Michael Jonathan Fox-ek kontatuta» ipuinaren kontalaria, Gaztedi klubak kirol hau, bere historia eta arauak zabaltzeko sortu duen ipuin-bilduma. Ekimen hau irakurketaren aldeko apustua da, hezkuntzan elementu garrantzitsua den aldetik. Helburua da errugbia herritarren artean zabaltzea, irakurleari baloi obalaren kirolari buruzko ikuspegi kritiko bat ematea, eta entrenatzaileei eta hezitzaileei haien irakaslanean inspiratzea, eta Moises San Mateos klubeko presidentearen hitzetan: «Klubarentzat, ipuinen bilduma sortzea, egitea eta, ondoren, zabaltzea talde ahalegin handia izan da, errugbia, gustuko dugun kirola, ahalik eta pertsona gehienei hurbiltzen saiatzeko. Haren jaiotza, garapena eta arauak nondik datozen jakitea ziur gaude oso zirraragarria eta hezigarria izango dela bildumaz gozatzera animatzen diren pertsona guztientzat».

Gaztediko kideek —jokalari beteranoek eta taldeko entrenatzaileek— egindako lana da hau: Diseinuaren eta maketazioaren arduraduna Ibon Sáenz de Olazagoitia entrenatzailea da. Unibertsitate mailako taldeko arduraduna, Asier Cantabrana, Joseba Etxebestek (Gaztediko Akademiako koordinatzailea) idatzitako testuak laguntzen dituzten ilustrazioen egilea da. Testua euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago. Gainera, hiru bertsio ezberdin egin dira: lehenengoa gazte eta helduentzat, bigarrena kontakizun laburtu bat errugbi eskolako haurrentzat, eta azkenik, ipuin bera «irakurketa erraza» modalitatean idatzia. Lehenik eta behin, bertsio nagusia egiten da bere ilustrazioekin, inprimatzen dena, eta ondoren gainerako bertsio digitalak itzultzen eta jorratzen dira, Gaztediren webgunean daudenak.

Lehenengo ipuina 2021ean argitaratu zen, Genesis izenburupean. Bertan, errugbia sortu aurreko antzinako soule, mod football eta belardietako futbol jokoak deskribatzen dira. Joko multzo honek bi joera nagusi sortuko zituen Ingalaterrako mutilen eskola elitistetan, gaur egun futbola eta errugbia bezala ezagutzen direnak.

Bigarren atalak, inprimatu berri denak, Ordena Batailan izenburua du, eta takkleoaren, plakajearen eta jokoz kanpokoaren funtzionamenduan XIX. mendean futbolean eta errugbian izandako gorabeherak eta inguruabarrak azaltzen ditu. Kontakizun honetan Michael Jonathan Fox azeriak ustezko irakurle baten galdera ezkutuei erantzuten die.

Ekimenak Gasteizko Udalaren laguntza instituzionala du, Euskara Zerbitzuaren bidez, Arabako Foru Aldundiarena, aleak inprimatuz, eta Vital Fundazioarena ere. Bi ipuinak Gaztediren egoitzan eros daitezke, Aiztogile kalean, 5 euroren truke.

ASIER CANTABRANA, ILUSTRATZAILEA

Ipuin hauen ilustratzaileak sormen prozesua adostua izan dela azaltzen du. «Idazleak bazituen ideia batzuk zer nolako irudiak agertu behar ziren, baina esparru horren barruan dena oso askea izan da», azaldu du, eta nabarmendu du «kontuan hartu behar zela haur eta gazte publiko bati zuzendua zela, eta hortik aurrera eroso sentitu behar nuela egiten nuenarekin».

Ilustrazioak nola egiten dituen azaltzeko orduan, «lehenik eta behin ideiaren zirriborro azkar bat egiten dut, gero erreferentziak bilatzen ditut eta, behar izanez gero, argazkiekin muntaia bat egiten dut. Hortik, ordenagailuarekin, teknika tradizionalak pixka bat simulatzen dituzten pintzelekin egiten ditut ilustrazioak. Lehenengo, inguraketa egiten dut; gero, itzala, eta, azkenik, kolorea» kontatu digu. Eta hirugarren ipuina buruan dabilkiola, bigarren honi buruz «asko dibertitu nautela Eskozia eta Ingalaterrako taldeen arteko nazioarteko lehen neurketako argazkiek» aitortzen du.

JOSEBA ETXEBESTE, TESTUAK

Nola sortu zen errugbiaren historia modu horretan kontatzeko ideia?

Hainbat premiatatik sortzen da. Lehenengoa, Gaztediko jokalariei eta haien gurasoei errugbi-arautegia ulertzen laguntzea da. Gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko gogoetatik ere sortzen da. Gainera, gure buruari, Gaztediari, bere balioei eta egiteko moduari buruzko kontakizun bat egiteko aukera ematen digu.

Nolakoa da prozesua?

Lehenik eta behin, testuaren lehen zirriborroa egiten da. Ondoren, Gaztediko lankideei, argitalpenaren edizioaren eta maketazioaren arduraduna den Ibon Sáenz de Olazagoitiari eta ilustrazioen arduraduna den Asier Cantabranari aurkezten zaie irakurtzeko. Moises San Mateos Gaztediko lehendakariak ere erakundearen irizpidea ematen du. Ondoren, ilustrazioetarako irudien zerrenda egiten da, eta Asierrek bere lanari ekiten dio, eta badoa marrazkien zirriborroak aurkezten, hauek eta testuak erabat adostuak izan arte. Une honetan dokumentua Gasteizko Udalaren itzulpen-zerbitzura pasatzen dugu, jatorrizko testua gaztelaniaz idatzita dago, eta haiekin lan egiten dugu gure ideiara egokitu arte. Aldi berean, ipuinaren beste bertsioak idazten ditugu, batez ere «irakurketa errazekoa», Gaztediko Inklusio taldeko entrenatzaile den Davidekin, dena itxita izan arte. Orduan arduratzen da Ibon maketazioaz, eta ondoren Aldundiak inprimatzen du. Prozesu luzea, sortzailea eta, batez ere, kolektiboa da.

Bi ipuinen ondoren... zer sentsazio duzu?

Oso pozik gaude, oso harrera ona izan dugu, bai Gaztedin bai errugbiaren munduan. Futbolzaleek ere begi onez ikusten dute, azken finean historia komuna baitugu. Hortik dator Foxen istorioa ere.