Arku-tiroko klubek denboraldi honetan euren ikasleekin zerbait egin behar izan badute irudimena erabiltzea izan da. Federazioak ezarri zuen jardunaldi lehiakor gehienak kluben barruan egiteko betebeharra kolpe handia izan da, eta zaila gertatu da txikienek beren konpromiso-mailari eustea.

Kanpaina urrian hasi zenetik, dituzten liga ezberdinetako hiru jardunaldietan (aretoa, aire librea eta 3D) eta dagozkien Arabako txapelketetan bakarrik parte hartu ahal izan dute. Gainerako egunetan, hastapeneko lehiaketarik ez da izan, tiratzaileek entrenatu besterik ez dute egin, eta klub batzuetan, Arku Lagunak klubaren kasu, espero zuten erantzuna jaso ez duten jarduerak programatu dituzte.

Luis Ángel Grajalesek aztertu duenez, «lehen ere ez genuen lehiaketa askorik, hiru astean behin asko jota, baina neska-mutikoentzat une egokiak ziren aurrera egiten ari zirela ikusteko, hobetzen joateko eta beste klub batzuetako arkulariekin harreman sozialak izateko». Horregatik, jardunaldi lehiakorrak iritsi direnean, asko hobetu da kluben eta arku-tiroa egiten duten neska-mutilen gogoa.

Grajalesen esanetan: «Lauzpabost pertsona etortzetik jardueretara inor ez faltatzera igaro gara» eta nabarmendu du «ohartzen zara gehien gustatzen zaiena arkuari ematea dela. Ikasi nahi dute, eta beren marka pertsonalak eta kirol-kideenak gainditu».

Denboraldi honetan entrenatzaileentzat zailena izan da «neska-mutilek animoari eustea eta kirola ez uztea» eta, zentzu horretan, jardunaldi lehiakor batzuk josiz bukatzea ondo etorri zaie, «maiatzean Ligako hiru jardunaldi izan dute eta ekainean aho-zapore ona emango dien bi txapelketa gehiago izango dituzte». Joan den asteburuan aire zabaleko Arabako Txapelketa egin zen eta 9 eta 16 urte bitarteko 15 gaztek hartu zuten parte. Ez zen ezusteko handirik izan emaitzei dagokienez, baina oraingo honetan ez zen oso garrantzitsua. Denbora batez elkar ikusi gabe egon ondoren, arkulariek gehien baloratu dutena «elkartu ahal izatea, indarrak neurtzea eta beraien maila pixka bat ikustea izan da, hainbeste entrenatu bakarka egin ondoren.

Arkulariek ahalik eta gehien gozatzea nahi genuen, eta uste dut lortu dugula», dio Grajalesek, eta Ligako jardunaldien eta Txapelketakoen arteko aldea azaldu du: «Ligan norberaren buruaren aurka lehiatzen da eta norberaren erronkak landu daitezke, baina txapelketan jada beste arkulari batzuekin neurketak daude eta hori aparteko motibazioa da haientzat".

3D eta hurrengo denboraldia

Tiratzaileek asteburu honetan Amurrion ospatuko den 3D Arabako Txapelketan pentsatzen dute jada, Aire Zabalekoan parte hartu zuten berberak izango dira horretara joango direnak, Arku Lagunak-en helburu hau baitute: «Guztiek proba guztietan parte hartzea, 3 modalitateak ikasten joateko, eta gero klubean geratzen denak aukeratuko du zer egin nahi duen».

Eta denboraldiko azken hitzordu hau iristen den bitartean, klubetako arduradunei datorren denboraldian pentsatzen joatea tokatzen zaie. Arku Lagunek hainbat erabaki hartu behar dituzte. «Zenbat talde eskaintzen ditugun eta nola antolatzen garen ikusi behar dugu, ea aurrekoetara itzultzen garen ala pandemiagatik ikasitako gauza batzuk egokitzen ditugun…»