Haur eta gazte kirolarien joan-etorriak, euren ekipazioez jantzita, geure hiri eta herrietako paisaiaren ohiko parte bat dira ikasturtearen asteburuetako goizetan. Kirol guneak, ikastetxetakoak zein udalekoak, pelegrinazioa honen helburu izaten dira oinez, bizikletaz, busez, bakarka, taldeka edo asteburuan berriz ere goiz esnatu behar izan duten gurasoekin euren partida eta probetara joaten diren eskola-kirolari hauentzat. Baina erromeria hau ikusgarria bada ere, pasa den asteburukoa, batez ere larunbatekoa, are nabarmenagoa izan zen. Pandemiak eragindako etenaldi ostean, Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak jokatzeko ordua heldu zen. XXXIX. edizioa zen honako hau, eta Euskadiko lurralde guztietako kirolariak Gasteizen bildu ziren hainbat kirol-diziplinatan aurtengo denboraldiari amaiera ederra emateko.

Guztira, 2200 kirolari inguru sakabanatu ziren Mendizorrotza, Arriaga, Aranalde, Lakua Sansomendi, Judimendi, Salburua, Ibaiondo eta Abetxukoko pista, zelai, gimnasio eta tapizetatik. Arroiaben igandean txirrindularitza proba ospatu zen, eta datorren ekainaren bostean BTT proba burutuko da, aurten lehenengo aldiz egiten dena.

Beste zenbait kiroletan finalak ikasturtean zehar ospatu dira dagoeneko —judo, kros eta eskubaloiren kasua—, eta karate lehiaketa eta saskibaloi, pilota, futbol eta xakearen finalak datozen ekainaren lau eta bostean zehar bananduko dira.Goizean goiz Gasteiza

Mendizorrotzako pabiloian saskibaloi partidu bat jokatzen ari da, eta harmailetan zenbait lagun Barakaldoko El Regato taldea animatzen dute gogo biziz: «Bide luzea izan da, normalean ez dugu horrelakorik egiten» aitortzen du klubeko jokalariekin etorri den gazte batek, «klubekoak lagunak gara, eta animatzera etorri gara», eta partidaren atsedenaldia bukatu bezain pronto txaloka eta oihuka hasten da hitzaldia bukatuz€ Goiz jaiki behar izan duten beste batzuk Gipuzkoatik igeri egitera etorri direnak dira. EAEko 250 igerilari inguru bildu ziren larunbatean Mendizorrotzako igerilekuetan Eskolarteko probetan parte hartzeko. «Normalean Gipuzkoatik mugitzen gara, gurasoekin kotxez edo geu bakarrik», kontatzen digu Tolosaldetik etorritako talde batek, «baina lehiaketa honetara hiru autobus etorri gara Gipuzkoatik». Kirolari hauek goizez eta arratsaldez egongo dira lehiaketan, bazkaltzeko tartetxo bat izanik, noski, «ea alde zaharrera joaten garen eguerdian» esaten dute gurasoek. «Giroa oso ona da, eta igerilekua oso handia, inoiz baino jende gehiago gaude...» dio Tolosaldeko igerilari gazte batek.Balorazioa

Atletismo pistan La Blanca klubeko Aimar, Nerwaya, Irati, Berta, Saioa eta Norarekin hizketan aritzeko aukera izan genuen, joko hauek hemengo kirolarien aldetik zelan bizitzen diren jakiteko, «jende askoz gehiago dago, Euskadikoak daude, eta bestetan hemengo klubak besterik ez gaude. Nabaritzen da maila handiagoa dela, zailagoa da irabaztea...», esan digute, baina lehiaketa gogorragoa izan arren «giroa oso ona da eta lagunak egiten dituzu, adiskidetasun handia dago». Joko hauek eskola kirolaren denboraldiari amaiera ematen diote, eta horren aurrean balorazio gazi-gozoa egiten dute gazte hauek, «oso polita izan da denboraldia eta beno... pena handia da, baina oporretan beste gauzak egiteko aukera izango dugu, campusak, gurasoekin mendira joan... eta datorren denboraldian atletismora bueltatuko gara!».