«Herriko talde bat gara». Horrela definitzen du Imanol Arberas, Zaraobeko idazkariak, bere kluba. Baieztapen horrek errealitate bat gordetzeaz gain —Amurrioko kluba baita, Arabako hirugarren herria biztanleriari dagokionez— badu barnean kirola ulertzeko modu bat ere, duela 35 urte kluba sortu zenetik mantendu dena.
Garai hartan, beste klub batean ari ziren herriko 10 jokalarik nahi izan zuten berea egin eta saskibaloia Amurriora eraman. Marcos Maroto izan zen bere lehen presidentea eta baliabide baino gogo handiagoekin, oinarritik jokalariak formatzea ardatz hartuta aurrera egitea lortu zuten. Lan horrekin Amurrioko saskipeko eskola-kirol guztia klubaren barruan bateratzea lortu zuten.
Gaur egun zuzendaritzan dauden pertsona batzuk haren jaiotzan egon ziren. Presidenteak, Jon Pinedok, adibidez, lehen taldean jokatu zuen, eta Imanol Arberas lehen zuzendaritzetan egon zen. Erakunde hori sortzeko orduan goratzen ziren balioak besarkatzen jarraitzen dira. «Badago neska-mutilei Zerbait esaten diegun zerbait: Gasteizera joaten garenean ez gara Zaraobe kluba, Amurriokoak gara», azpimarratu du, «Gasteizen ate bat hausten badugu, Amurriokoak gara, eta erortzen denean kontrarioa altxatzen laguntzen badugu ere bai. Jokoaren gainetik erantzukizun bat dugu. Gure herria ordezkatzen dugu, eta hori oso barneratuta daukate», dio. Premisa horrekin, ez da harritzekoa idazkariak klubean oso kontuan hartzen den esaldi bat dagoela errepikatzea: «Saskibaloia garrantzitsuena da garrantzi urriko gauzen artean».
TALDEAK
Zaraobek urte hauetan guztietan irautea lortu du, eta gaur egun 17 taldek osatutako egitura dute (benjamin bat, 3 kimu: bi emakumezkoak eta gizonezko bat; 4 haur: bi emakumezkoak eta bi gizonezkoak; 3 kadete: bi gizonezkoak eta emakumezko bat; 3 junior: gizonezko bat eta 2 emakumezkoak, eta 3 senior: bi gizonezkoak eta emakumezko bat). Guztira 240 gaztek jokatzen dute saskibaloian Amurrion, ondo pasatzeko helburu nagusiarekin.
Arberasen esanetan: «Kirola irakatsi nahi dugu. Gustatzen zaigu lehiatzea eta irabaztea, mundu guztiari bezala, baina errealistak izanda. Klubean ez dago elitera irits daitekeen jokalaririk. Nesketan, agian zerbait lor daiteke, baina mutiletan, fisikoagatik dagoeneko ezinezkoa da», nabarmendu du, eta «mutil benjamin eta kimu gehiago izatea taldeak ondo betetzeko, ondo legoke» gehitu du.
Klubaren helburuak oso argi daude: «Txikiek ondo pasatzea eta datorren urtean itzultzea, eta gizonezko zein emakumezko A senior taldeak umeentzat erreferenteak izatea, larunbat arratsaldean haiek ikustera joatea eta herria egiteko balio izatea». Hori dena lortzeko lan egiteko modu egituratu bat dute, aurten Oscar Estrella kirol zuzendariak indartu duena, eta Unai Corredor eta Iker Arberas laguntzaile izango dituena. «Entrenatzaileak finkatuta ditugunez eta urte batzuk iraungo dutela uste dugunez, kluba ildo batetik joatea nahi dugu», azaldu du.
ENTRENATZAILE GAZTEAK
Klubeko gazteenak entrenatzaile lanetan erakusten ari diren konpromisoa azpimarratu nahi du Imanolek, talde askotan entrenatzaileak eskasak diren une honetan. «15 urteko entrenatzaile laguntzaileak ditugu; 14 urterekin eskolan, benjaminetan eta kadetetan laguntzen duten jendea; hainbat junior kimu taldeetan laguntzen, batez ere bigarren entrenatzaile gisa; neska senior eta junior batzuk benjaminetan laguntzen eta klubeko 7 entrenatzaile 1. gradua ateratzen».
ESKOLA KIROLA
Eta egitura horrek «eskola-taldeak ondo lehiatzeko, entrenatzeko eta gustura joateko, emaitzak alde batera utzita» lan egiten du, «eta entrenatzaileak esperientzia hartzen joan daitezen». Idazkariak dio klubaren politika dela inor ez fitxatzea, eta ateak zabalik izatea inguruko herrietako (Aiarako, Artziniegako eta Urduñako) neska-mutilei jokatzeko aukera emateko. Beste arauetako bat da kimu mailakoa izan arte ez dela lehiatzen. «Federazioak benjaminentzako diseinatu duen lehiaketa-sistemak ez gaitu konbentzitzen, eta ez gara lehiatzen», ziurtatu du Arberasek, talde horren eta eskolaren arduraduna dena, eta txikienek soilik jolasteko lan egiten duena. «Baloiarekin jokatzen dute, komekokoetan, hiru marran, eta, denboraldiak aurrera egin ahala, beste gauza, arau eta kontzeptu batzuk sartzen ditugu», azaldu du.
JARDUERAK
Urtean zehar, hainbat jarduera egiten ditu Zaraobek saskibaloiaren inguruan: 3×3 iraileko azken asteburuan, Gabonetako Torneoa, Aste Santuko campusa eta Udako campusa. Egun hauetan pentsatzen ari dira ea parte hartuko duten Aste Santuan, Castellonen ospatzen den txapelketa batean. Entrenatzaileen prestasunak eta gurasoen erabakiak zehaztuko dute zein taldek eta haurrek bidaiatuko duten, azkenean gauzatzen bada. Eta hori gertatzekotan, Valentziako lurretan Amurriokoak egongo dira, herriko kluba.