Apurka-apurka, eskola-lehiaketak hasten ari dira kirol guztietan, pandemiak eragindako urte eta erdiko etenaldiaren ondoren. Joan den asteburuan mahai-tenisaren txanda izan zen. Igande goizean, Arriagako kiroldegia teniseko mahaiz estali zen berriro, eta palak pilota kolpatuz entzuten zen sintonia bihurtu zen berriro ere. Ruben Martinez Arabako Federazioko zuzendari teknikoak aitortu duenez «oso arraroa egin zen mahaiak berriro kantxaratzea: mahaiei hautsa kendu eta gure buruei alferkeria astindu ere egin behar izan genuen€».

Kimu, haur eta kadeteen egutegiak 14 hitzordu ditu: 7 lehiaketa eta 7 teknifikazio hitzordu astero txandakatuko direnak. Kirol hau praktikatzea bai, baina lehiatu nahi ez duten kirolari daudenez, parte hartu nahi duten neska-mutilek txapelketa bakoitzean izena eman behar dute; jardunaldi teknikoetara, berriz, lehiaketan ondoen aritu direnak joaten dira. Teknifikazio saio horien helburua kluben egunerokoan praktikatzeko astirik ez duten prestakuntza fisiko, tekniko eta taktikoaren alderdiak 2 orduz lantzea da. Benjaminak, bestalde, kirol honekin harremanetan jartzen dira ohiko lehiaketa hitzordu hauetan. Igandean, adibidez, kategoria honetako 15 kirolari jolasak eta beste dinamika batzuk egiten hasi ziren, hainbat begiralek zuzenduta. Gero, nahi izan zuenak, partiduren bat jokatzeko aukera izan zuen bere mailako beste txikien aurka. Jardunaldia amaitzean, denek jaso zuten sari bat bertan parte hartzeagatik.

Lehen hitzordu horretara kategoria guztietako 45 parte-hartzaile joan ziren, «pandemiaren aurretik ohikoa zena baino kopuru txikiagoa», azaldu du Rubén Martínezek. Jaitsiera horri buruzko azalpenak bilatzerakoan, arduradun teknikoak hainbat faktoretara jotzen du: «Bada jendea errutina galdu duena eta berriro hartu behar duena, eta beste pertsona batzuk beldur dira oraindik haurrak lehiatzeko esparru itxi batera ekartzeko, nahiz eta azaltzen diegun neurri guztiak hartzen ditugula eta maskara jarrita jokatzen dela, noski», azaldu du teknikariak. Hala ere, gakoa «mahai-tenisa eskaintzen duten zentroen kopuruaren jaitsieran, eta, beraz, praktikatzen duten neska-mutilen kopuruan» datzala uste du Rubenek.

Gaur egun Araban 120 haur inguru ari dira mahai tenisean, eta 4 aukera dituzte horretarako: Gasteiz kluba, Lautaro, Gailak eta Mercedariaseko eskolaz kanpoko jarduera. «Zenbait urtetan 230 haur ere izan ditugu jokatzen eskola-adinean» eta «7-8 ikastetxetatik (klubak barne) orain ditugun 4etara pasatu gara», esan digu Rubenek. Jaitsiera horrek samindu du teknikaria: «Asko kostatzen zaigu jarduera ezartzea, nahiz eta erraztasun guztiak jarri, eta uzten denean badakigu oso zaila izango dela berriro hastea», adierazi du. «Ikastetxe batzuetako eskolaz kanpoko jarduerak kudeatzen dituzten enpresek erabaki dute ezarrita dituzten ratioetara ez dela iristen mahai-tenisa, eta horregatik erabaki dute kentzea» gehitu du.

Egoera horrekin, denboraldi honen helburua «daukagunari eustea, eta igandeetako lehiaketetara joaten diren eta kirol hau praktikatzen duten haur eta gazte kopurua ea pizka bat berreskuratu ahal dugun» da. Helburu hori lortzeko, kirol-zuzendariak honako hau azpimarratu du: «Jarduera abian jarri nahi duten eta neska-mutilei ezarpen nagusietakoa ez den kirol ezberdin bat egiteko aukera eman nahi dieten zentroak, federazioarekin harremanetan jar daitezela, eta federazioak mahaiak eta behar duten guztia emango dizkie».