"Kirola, hezteko giro eta bide" programa ia bi urtez geldirik egon da, eta nabaritzen da berriro martxan jartzeko gogoa zegoela. Izan ere, aurreko edizioekin alderatuta, partaidetza igo egin da, laburbildu du Itziar Galdósek, programaren udal arduraduna, Gasteizko Udalak duela 15 urte baino gehiagotik martxan duen jardueraren egoera.

Topaketak ikastetxeetan kirol anitzak egiten dituzten eta Arabako Foru Aldundiko jardueran izena emanda dauden lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta daude. Jarduera kudeatzen duen enpresako zonako koordinatzaileak ikastetxeekin harremanetan jartzen dira, jardueran zenbatek parte hartu nahi duten ezagutzeko eta, kopurua jakinda, taldeak egiteko. Edizio honetan 27 ikastetxek hartuko dute parte, hau da, 1?500 ikasle inguru: 1. eta 2. mailako 1?000 ikasle eta 3., 4., 5. eta 6. mailako 500 ikasle.

HELBURUAK

«Jardueraren helburua da hainbat kirol-espezialitate ezagutzea eta praktikatzea erraztuko duten estrategiak bultzatzea, mugimen-trebetasunak hobetzea eta gaitasun kognitiboak, oreka pertsonala eta pertsonen arteko harremanak garatzen heztea, besteak beste», nabarmendu du arduradunak. Helburu horiekin, adin txikieneko haurrak 5 eremutan banatu dira aurten, eta gainerakoak beste 3 eremutan. Bi bloke horiek txandakatu egingo dute parte hartzea larunbatero, bakoitzak esleituta dituen 9 jardunaldiak osatu arte. «Maiatzaren 21ean bloke bakoitzaren hamargarren hitzordua ospatzen da, eta jarduera bateratu bat egiten da guztientzat», gaineratu du. «Azarotik abendura txandaka egiten dira, eta maiatzean Gamarran elkartzen dira, pozarren ateratzen diren jardunaldi batean».

ANTOLAKUNTZA

Jardueran izena eman ondoren, ikastetxeek astero zonalde bakoitza koordinatzen duenaren dei bat jasotzen dute, zer jarduera tokatzen zaien eta non egingo den jakinarazteko. Parte hartzeko aurreikuspena 15 egun lehenago bidali behar dute, eta aste berean parte-hartzaileen kopurua baieztatu, beharrezko monitoreak izateko. Lehen taldean astero bost jarduera daude, azpitalde bakoitzak jarduera bat egiten du, eta bigarren taldean hiru. Taldeak handiak direnez, bi ordutegi ere ezartzen dira: 10.00etatik 11.30era eta 11.30etik 13.00etara. Horrela, maila globaleko taldea 200 haur inguruk osatzen badute ere, 100 haur baino ez dira biltzen tarte bakoitzean, «baina normalean 70-80 inguru apuntatzen dira jardunaldi bakoitzean», azaldu du arduradunak, eta gaineratu du: «Bada hitzordu guztietara joaten dena, eta beste txiki batzuk, berriz, egingo den kirolaren edo beste inguruabar pertsonal batzuen arabera, batera edo bestera joaten dira».

KIROL ANITZAK

Kirolak ere desberdinak dira taldearen arabera. Aurten, txikienek atletismoa, frontoi-jolasak, izotz-jolasak, gimnastika-jolasak, goalball-a, rokodromoko jolasak, borroka-arteak, munduko kirolak eta igerilekuko jolasak egingo dituzte. «Asmoa da kirol horiek jokoaren bidez probatu eta haietara ohitzea», azaldu du Itziar Galdosek.

Bestalde, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara bitarteko neska-mutilek aurten parkour, esgrima, borroka-arteak, munduko kirolak, orientazioa, atletismoa, altuerako eskalada eta uretako kirolak praktikatuta amaituko dute egutegia, eta mendi irteera inklusiboa egingo dute ere Mendi Solidarioak ekimenarekin. «Garrantzitsuena kirola egitea da, zeinahi ere den, eta horrez gain, gizalegea, elkartasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, inklusioa, parte-hartzea eta bizi-kalitatea bezalako balioak jardueraren bidez garatzea lortzen badugu, ondo baino hobeto».

Azaroaren 6an burutu zen 1. eta 2. taldetako lehen hitzordua eta joan den igandean beste taldeari egokitu zitzaion estreinaldia. Aste honetan txikienek ekingo diote berriz jarduerari eta 15 egunean behin bezala gozatu ederra hartuko dute. «Lehen egunean, adibidez, zoragarria zen moduluan atletismoa egokitu zitzaion taldea altuera eta hesiak jauzika, korrika, luzera-jauziko hobiaren harean, maskara jantzita eta guzti ikustea€», gogoratu du arduradunak, eta jarduera nota on batekin ebaluatu du: «Oso harrera ona izaten du beti. Batzuei urtean tokatzen zaien kirolen batek atentzioa ematen die eta hurrengorako horren zaleak egiten dira, eta beste batzuk ikastaro guztiak kirol anitzak egiten jarraitzen dute, guztiak praktikatzeko aukera izatea erakargarria egiten zaielako».