2012az geroztik ArabaTrik triatloi klub erreferentea izateko lan egin du Araban, La Blanca atletismo klubak bere diziplinan duela urte askotik egiten duen bezala. 2019ko urrian bi erakundeek indarrak batu zituzten, Arabatri taldea atletismo klubean sartu zen 40 triatletarekin. Gainera, bateratze horren ondorioz, triatloi eskola sortu zen, txikienek diziplina honetara hurbildu eta praktika dezaten. Gaur egun, 8 eta 13 urte bitarteko 15 haur inguruk praktikatzen dituzte astero diziplina horretako modalitateak. Astearte eta ostiraletan igerilekuan entrenatzen dute; astelehen, asteazken eta ostegunetan atletismo taldeekin bat egiten dute kirol honekin harremanetan jartzeko, eta hilean larunbat batean bizikleta hartzen dute. Eskola zuzendaria Ander Pérez da, triatloi federatuaren ataleko arduraduna ere badena.
Zergatik animatzen dira haurrak triatloia egitera?
Federatuen sailak tradizio handia duenez, jende askok ezagutzen gaitu eta ahoz ahokoak garrantzia du. Gainera, 3 kirol biltzen dituen jarduera bat da, eta hori oso erosoa da gurasoentzat, haurrek jarduera bakar batean 3 diziplina ezberdinak egiteko aukera dutelako; are gehiago, atletismoa entrenatzen dutenean ez dute lasterketa bakarrik egiten, jauzia, pisua eta mailua ere entrenatzen dituzte.
Haurrentzako kirol gogorra dirudi€
Batez ere osagarri teknikoak eta koordinaziokoak ikasten ditugu, eta jolas asko egiten ditugu ikaskuntza errazteko. Gogortasunarena klixe bat da, ez baita atletismoa baino gogorragoa, eta ez baita txirrindularitza baino gogorragoa, ezta igeriketa baino gogorragoa ere. Gauza bera da. Gainera, egunez egun kirola aldatzen dutenez, ez da hain traumatikoa organismoarentzat.
Ba al da txikiei gehiago gustatzen zaien diziplinarik?
Bakoitzak bere lehentasunak ditu, eta gehien gustatzen zaiena hobekien ematen zaiena da, baina normalean 3 diziplinak berdin gustatzen zaizkie.
Lehiaketa mailan, klub gutxi egoteak txapelketak egotea zailtzen du?
Arabako Federazioarekin hizketan ari gara, Gasteizen umeentzako triatloi jardunaldi bi edo hiru egiteko. Ia ziur egingo dugu. Une hori iritsi arte, kirol honetako gauza onetako bat da, adibidez, neguan kros denboraldian parte har dezaketela, lasterketa oinez eginez eta abar. Eta udan bai, badira triatloi batzuk ikasleentzat. Lehiaketa horietan, kategoria bakoitzean lehiaketa propioak sortzeko moduko parte-hartzaile kopururik ez dagoenez, adinaren arabera banatzen dira.
Zein da eskolaren helburua denboraldi honetan?
Iaz, pandemiagatik, denboraldia ezohizkoa izan zen, baina hazia jarri genuen. Aurten bikoiztu egin dugu eskolako kideen kopurua, eta espero dugu jendea animatzea eta hazten jarraitzea. Indibidualki, progresio fisikoa eta teknikoa oso argia da urtero, eta familiak txundituta geratzen dira haurrak nola moldatzen diren ikusita.
Nola animatuko zenituzke haurrak triatloi eskolara etortzera?
Probatzeko esango nieke, hemen 3 kirol egin ditzaketela eta ez dela trebetasunik izan behar hasteko, entrenatzen trebezia lortzen joango direla. Gainera, dena ez da lehiaketa, ohitura osasungarriak hartzea oso garrantzitsua da eta horretan ere lan egiten dugu. Etorkizunari begira, adibidez, behar bezala igeri egiten ikasten dute, eta hiru kiroletako bat nahiago dutela ikusten badute, beti aritu daitezke horretan.