Síguenos en redes sociales:

Gaubeako Schubertiadaren IX. edizioa uztailaren 3tik 25era egingo da

Jaialdiak bost kontzertu programatu ditu Tuesta, Bachicabo eta Espejoko elizetan

Gaubeako Schubertiadaren IX. edizioa uztailaren 3tik 25era egingo daUtzitakoa

Gaubeako Schubertiadaren bederatzigarren edizioa uztailaren 3tik 25era egingo da, agertoki enblematikoetan: Tuestako Andra Mariaren eliza, Bachicaboko San Martin eliza eta Espejoko Salbatzailearen eliza. Ekitaldi hau Franz Schubert Associació elkarteak antolatzen du, Gaubeako Udalarekin batera.

Schubertiadak leial eusten dio bere helburuari, Gaubeako ondare balio handiko guneetara estatuko eta nazioarteko musika arloko talentu handienetako batzuk hurbiltzeari, alegia. Kontzertuak 20:00etan egingo dira uztailean, eta liedaren eta ganbera musikaren esparruan entzute handiko interpreteak etorriko dira.

Programazioa prentsaurrekoan aurkeztu dute Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Gorka Salazar Gaubeako alkateak, Eduardo Fernández de Pinedo Vital Fundaziokoak eta Silvia Pujalte Franz Schubert elkartekoak.    

          Jaialdia uztailaren 3an hasiko da Tuestan, New Yorketik datozen Meredith Wohlgemuth sopranoak eta Jinhee Park piano jotzaileak osatutako duoarekin. Kontzertuaren lehen zatiak, besteak beste, Marc Migó konpositorearen Canviar de cel zikloa eskainiko du; bigarrenak, berriz, Ofelia maitea, Shakespeareren pertsonaiaren bizipenekin hitz egiten duen abesti programa.

Hurrengo egunean, uztailaren 4an, Bo Wang baritonoa eta Yuriko Watanabe piano jotzailea, Vienako Helmut Deutsch nazioarteko Lied lehiaketaren irabazleak, arituko dira jaialdian, Schubert, Richard Strauss eta Gustav Mahler musikarien obretan zentratutako programa batekin. 

Uztailaren 11n, Katharina Konradi sopranoa, Schubertiadaren lehen edizioa inauguratu zuena 2018an, oraingoan Julius Drake piano jotzailearekin itzuliko da. Elkarrekin interpretatuko dute Schuberten lied bat, baita Enric Granados Tonadillak laneko abesti batzuk eta Eduard Toldrà autorearen Testu klasikoei buruzko sei kanta laneko selekzio bat ere, emozioa eta birtuosismoa uztartzen dituen programa batean.

Uztailaren 18an, Espejon, Kebyart saxo laukoteak Jean-Philippe Rameau, Mikel Urquiza, Franz Schubert eta Dani López Prdasen obrak joko ditu. 2023an lortutako arrakastaren ondoren, taldea Urquizak bereziki haientzat idatzitako Les perfectibilités — traité d’ornement lana duen programa batekin itzuliko da.

Schubertiada uztailaren 25ean amaituko da Bachicabon, Cuarteto Iberia gaztearekin; Mateu Fletxa "El Vell" egilearen eta Luigi Boccheriniren lanak joko dituzte, baita Franz Schuberten "Heriotza eta dontzeila" laukote enblematikoa ere.

Kontzertu bakoitzaren aurretik, Enrique Bert musika dibulgatzaileak edo artistek beraiek obren eta konpositoreen testuinguru labur bat eskainiko dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero edo jaialdiaren zuzendari artistikoarekin harremanetan jartzeko, idatzi Silvia Pujalteri: direccio.artistica@schubertiada.cat

Sarrerei eta programazioari buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri: www.schubertiada.eus