AEK-k udako kanpaina abiarazi du 'Uda bizi, euskara eroso ikasten' lelopean
AEKren arabera, edozein barnetegi mota da aukera ederra euskararen ikasprozesuan aurrera egiteko
AEK-k 'Uda bizi, euskara eroso ikasten' kanpaina jarri du martxan, euskara ikasteko hainbat aukera eskainiz, hala nola barnetegia, euskaltegia, Euskal Herria bizikletaz zeharkatuz edo online. Mintzataldeetan praktikatzeko aukera ere izango da zenbait herritan.
"Leloak berak dioen moduan, uda bizitzeko garaia dator, ahalik eta erosoena bizitzeko aroa, non alde batera geratzen diren ikasturteko betebeharrak eta opor giroa nagusitzen den. Haatik, aisialdia ustiatzeko asmoa ere sortzen da batzuetan, 'zerbait egiteko aprobetxatu' nahia", adierazi dute AEKtik.
Horretarako aukera zabala du AEK-k udan, eta euskara ikasteko hainbat modu eroso jartzen ditu edonoren esku, ikasprozesua arina eta atsegina izan dadin. Horrela adierazten dute hori kanpainako bi protagonistek: Victoria Zarco eta Oihane Alonso (bi seme-alabarekin) ez dira modelo hutsak, baizik eta AEKren barnetegietan udan euskara ikastea zer den ondo dakiten euskara ikasleak.
AEKren arabera, edozein barnetegi "mota da aukera ederra euskararen ikasprozesuan aurrera egiteko, hainbat arrazoirengatik, hala nola ikaslea euskaraz bizi den ingurune batean murgiltzen delako, eguneroko bizimodua euskaraz egiten duelako, ikasitakoa praktikan jartzen duelako etengabe, bere burua euskaraz egiteko gai ikusten duelako, euskaraz aritzeko ohitura sendotzen duelako edota euskaraz berba eginez harreman berriak egiten dituelako".
Gainera, mota askotako barnetegiak daude: familia barnetegiak, euskalduntzekoak, azterketak prestatzekoak, xiberera ikastekoa edota ibiltaria bizikletaz.
Bestalde, maiatzaren 12an web bidezko zuzeneko bi aurkezpen egingo ditu AEK-ko Udako Barnetegietako arduradun Alba Ayucar Castrok, familia barnetegien inguruan, 10:00etan goizez eta 15:30ean arratsaldez. Ez dago izena eman beharrik, eta nahikoa izango da ordu horietako batean www.aek.eus atarian sartzea.
Barnetegiez gain, zenbait euskaltegiren ateak ere irekita egongo dira udan, eta barnetegira joaterik ez edo etxetik gertu egon nahi duten ikasleentzat, ikastaro trinkoak eskainiko ditu AEK-k. Orobat, online ikastaroetan ere eman daiteke izena. Hala, datozen hilabeteetan, AEK-k erakutsiko du "uda eta euskara eroso ikastea bateragarriak" direla.