Arabako Foru Aldundiak 'Kirol Zain-Cuidando el Deporte Escolar' zerbitzu berria jarri du martxan, eskola kirolean gerta daitezkeen gorabeherak modu hezitzailean artatzeko eta zuzentzeko. Zerbitzu berria 'Irainik ez, kitto' kanpainaren parte da, eta indartu egiten du foru erakundeak "errespetuan, bizikidetzan eta hezkuntza balioetan oinarritutako eskola kirolarekiko duen konpromisoa".

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak azaldu duenez, 'Kirol Zain' helburu argi batekin sortu da: "Eskola lehiaketetan errespetu faltak gertatuz gero, zigorren bidez ez ezik, hezkuntzaren eta zuzenketa eraikitzailearen bidez ere jardutea". "Kasu bakoitza aztertu eta modu hezigarrian bideratzen laguntzea da asmoa", gaineratu du.

Gorabeherak hainbat bidetatik jaso ahal izango dira, hala nola salaketa, arbitraje akta, ikuskapen, barne komunikazio eta gaitutako beste kanal batzuetatik. Ondoren, hiru fase izango dira. Hasteko, harremanetan jarriko da gertakariarekin zerikusia duten pertsona edo erakundeekin, beharrezkoa den informazioa biltzeko eta gertatutakoaren balorazio egokia egiteko.

Jarraian, behin kasua aztertuta, tartean dauden erakundeei gomendio hezigarri edo zuzentzaile batzuk emango zaizkie, alderdi bakoitzaren erantzukizun mailaren araberakoak. Dagokion erakundeak nahitaez hautatu eta gauzatu beharko du gertatutakoa zuzentzeko planteatutako proposamenen artean egokientzat jotzen duena. Jarduera horietan egoera eragin duten pertsonek parte hartu beharko dute, hau da, kirolariek, entrenatzaileek, familiek edota epaileak. Azkenik, hautatutako gomendioa behar bezala betetzen dela egiaztatuko du zerbitzuak.

EKIMENA

Ekimenaren bidez, Eskola Kirolari buruzko Foru Agindu berriaren 51.5 artikuluan jasotakoa betetzen da. Artikulu horren arabera, aplikatu beharreko diziplina araubidea baztertu gabe, erakunde parte hartzaileek egokitzat jotzen dituzten prestakuntza, konponketa edo zuzenketa neurriak ezarri beharko dituzte, bai eta kirol arloan eskumena duen sailak edo erakunde laguntzaileak proposa dezakeen beste edozein neurri ere.

Era horretan, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak "eskola kirolean ingurune osasungarria, segurua eta errespetu faltarik gabea sustatzeko borondatea" berresten du.

Zuzeneko komunikazioa ahalbidetzeko, kirolzain@araba.eus helbide elektronikoa sortu da, eta horren bidez gorabeherak edo zerbitzuaren funtzionamenduarekin lotutako beste edozein gai jakinarazi ahal izango da.

Eskola kirolean jokabide desegokiak desagerraraztea erantzukizun partekatua da. Horregatik, Aldundiak kirol erakunde guztien lankidetza aktiboa eskatu du, beharrezkoa den informazioa biltzeko eta kasu bakoitzean dagozkion hezkuntza neurriak aplikatzeko.