Síguenos en redes sociales:

Larrialdietarako Arabako Funtsak 39.400 euro bideratu ditu Libano hegoaldeko errefuxiatuentzako elikadura laguntzara

Larrialdietarako Arabako Funtsak 39.400 euro bideratu ditu Libano hegoaldeko errefuxiatuentzako elikadura laguntzaraAlex Larretxi

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eratutako Arabako Larrialdietarako Funtsak onetsi du 39.414 euro ematea Libano hegoaldean dauden errefuxiatuei eta biztanle zaurgarriei zuzendutako elikagai laguntzako esku hartze humanitariora bideratzeko. Hain zuzen ere, Israelen eta Hezbollahkren arteko gatazka armatua areagotu izanaren ondorioz modu larrian kaltetutako eskualdea da.

Arabar herri erakundeek jakinarazi dutenez, Libanoko liskarrak nabarmen areagotu dira Israelek 2025eko irailaren 23tik aurrera egindako aireko erasoen ondoren, Hezbollahk suzirien jaurtiketarekin erantzun baitzien. Iazko urriaren 1ean, Israelek lehorreko inbasioa hasi zuen herrialdearen hegoaldean, eta zenbait egunetan bonbardaketa gogorrak izan ziren.

Erasoak hiri askotan izan du eragina, Beirut hiriburua barne, eta mila hildako baino gehiago eta milaka zauritu izan dira. Era berean, orain arte milioi bat pertsonak baino gehiagok nahitaez lekualdatu behar izan du.

Libano hegoaldean indarkeria areagotzen ari den testuinguruan, aireko 25 eraso baino gehiago izan dira aurten orain arte, eta horrek ondorio larriak izan ditu biztanleria zibilean. Gatazkak kalte larriak eragin ditu funtsezko azpiegituretan, hala nola ospitaleetan, osasun zentroetan, ur sistemetan eta hornidura sareetan, eta, horrez gain, 170 etxebizitza baino gehiago suntsitu dira erabat edo partzialki kokaleku horietan.

Egindako kalkuluen arabera, 64.000 pertsona baino gehiago daude herrialde barruan desplazatuta, eta ehunka milak elikadura segurtasunik eza, bizibideen galera eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko zailtasun handiak jasaten dituzte.

Bada, Larrialdietarako Arabako Funtsak Nazioarteko Elkartasuna (NESI) elkarteak egindako eskaerari erantzun nahi izan dio, eta laguntzari esker, The Popular Aid for Relief & Development (PARD) tokiko erakundeak elikagaiak erosi eta banatu ahal izango ditu Sidon eskualdeko kokaleku informaletan: Jal al Bahar, Maashouk, Shabriha, Burghuliyeh, Qasmiyeh, Kfar Badda, Jim Jeam, Aitaniyeh eta Wasta.