Asfaltokia Arabako Mendialdeko asfalto naturalen interpretazio zentroak lurraldeko meatze paisaien balioa nabarmendu du Fiturren
Foru Aldundiak Vasco-Navarro trenbidearen Atauriko geltoki zaharra zaharberritu du, zeinak udaberrian irekiko baititu ateak eta eskualdeko natura eta industria ondarearen erreferentziazko gune berezia izango baita
Foru Aldundiak Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) Asfaltokia aurkeztu du, Arabako Mendialdeko asfalto naturalen interpretazio zentroa, Vasco-Navarro trenbidearen Atauriko geltoki zaharrean dagoena. "Gune hori udaberritik aurrera egongo da jendearentzat irekita, eta eskualdeko hirugarren interpretazio zentroa izango da, lurraldearen ondare, historia eta geologia balioa sendotzeko", nabarmendu du Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak, turismoaren alorrean estatuan erreferentziazkoa den ekitaldian.
Zaharberritze proiektuak geltokiaren jatorrizko funtsa berreskuratzea lortu du. Proiektuak, "eraikinaren egitura modu jasangarrian finkatzea eta birgaitzea lehenetsi du, eta, gainera, gune horren gertuko ingurunea eta paisaia lehengoratzeko lanak egin dira", zehaztu du foru arduradunak bere esku hartzean. Eraikina duela ehun urte eraiki zen eta hiru solairu ditu.
Beheko solairua, bisitariei harrera egiteko erabiliko da, tradizioa eta modernotasuna uztartzen ditu modu orekatuan, eta errealitate birtualeko gune bat du, eskualdea, meategiak, fabrika zaharrak eta Maeztuko diapiroaren gainetik hegan egitea ahalbidetzen duena.
Azken gunea Alejandro Mendizabal ingeniariari eskainita dago, zeina Vasco-Navarro trenbidearen ibilbideko Old English estiloko eraikinen egilea izan baitzen
Eduki teknikoak lehenengo solairua hartzen du, zeina "asfalto naturalari buruzko liburu ireki bat" baita, eta bisitariari informazioa eskaintzen dio meatze paisaien geologiari, asfaltoaren erabilerei, bitxikeriei, Arabako Mendialdean zeuden fabrikei eta jarduera horren hasieratik gaurdainoko kronologiari buruz. Kanpoko hiru begiratokiek Izkiko parke naturala, Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea eta meatzeak eta Mina Lucia meatzea identifikatzeko aukera ematen dute.
Azken gunea Alejandro Mendizabal ingeniariari eskainita dago, zeina Vasco-Navarro trenbidearen ibilbideko Old English estiloko eraikinen egilea izan baitzen. "Erabilera askotarako gune bat da, geltokiaren, trenbideen eta asfalto panelen zuri-beltzeko irudi bat buru duena, eta non hitzaldiak eta ekitaldiak egin ahalko baitira", azaldu du Saray Záratek.
Geltokiaren mendeurrena eta eraikinaren zaharberritzea dela eta Asfaltokia interpretazio zentroan izango den aldi baterako lehen erakusketak eraikinaren bilakaeraren berri emango du: distira urteak, bertan behera uztea, narriadura, eta eskualderako erreferentzia gune bihurtzeko zaharberritze prozesua.
ESKUALDEKO PAISAIA
Zarateren ustez, "eskualdeko paisaia paregabe eta bereziaren, bertako ondarearen eta asfalto naturalarekin lotutako historiaren balioa nabarmentzeko Foru Aldundiak egiten duen apustua da Asfaltokia.Proiektu horri esker, asfalto naturaleko meatze paisaiekin lotutako esku hartzeak osatu dira, hala nola Mina Lucian eta 39 kilometroko ibilbidea proposatzen duen asfaltoen ibilbidean egindakoak".
Ildo berean, honako hau azpimarratu du: "Proposamen berritzaile eta jasangarria da, aukera berriak sortzen dituena, bestelako esperientzia originalak eta ingurunea inbaditzen ez dutenak bilatzen dituen publikoarentzat ez ezik, baita eskualdearentzat ere, garapen ekonomikoa sustatzen duen elementua baita".
Proiektua gauzatzeko 2,1 milioi euro inbertitu dira guztira. Diru hori Asfalto Naturalen HTJParen bidez eskuratu da eta Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsek finantzatu dute, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.