Arabako Foru Aldundiak igo egin ditu Arabako lankidetzaren esparruan giza eskubideen alde borrokatzen direnak babesteko ekimenak egiten dituzten lurraldeko eta Trebiñuko enklabeko irabazteko xederik gabeko elkarte eta erakundeentzako dirulaguntzen zenbatekoa. Irekita dago jada Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako mekanismoaren (MAP) deialdi berria. Tresna hori iaz jarri zen abian lehen aldiz. 2026rako zuzkidura 48.000 eurokoa izango da, aurreko ekitaldian baino % 20 gehiago. 

Arabako lankidetzarekin lotutako esku hartzeen esparruan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak modu baketsuan sustatzen, babesten eta gauzatzen dituen pertsona ororen eraginarekin eta babesarekin lotutako ekintzetara zuzenduta dago, banakakoa edo kolektiboa izan. 

Lehen urtean, MAPek laguntza eman die Guatemalako, Guinea-Conakryko, Kongoko Errepublika Demokratikoko eta El Salvadorreko giza eskubideen aldeko aktibistei.

NBEren Giza eskubideen defendatzaileei buruzko Adierazpena" izenekoak egindako aitortzaren arabera, pertsona orok du, banaka edo kolektiboki, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak nazioan eta nazioartean sustatu eta lortzeko eskubidea. 

Hala ere, mundu osoko giza eskubideen defendatzaileen egoera oso kezkagarria da. Asko estigmatizatu, difamatu eta baztertu egin dira.

Mehatxuak, jazarpena eta zaintza ere jasan dituzte. Beste batzuei eraso egin diete, bortxatu egin dituzte, hil egin dituzte eta desagerrarazi egin dituzte. Ohikoa da, halaber, atxiloketa eta espetxealdi arbitrarioak izatea eta akusazio faltsuen bidez epaitu eta kondenatuak izatea. Sarritan, beren eskubideak urratzen dituzten lege eta erregelamenduak aplikatzen zaizkie, bereziki adierazpen, elkartze eta zirkulazio askatasunerako eskubidea.

Laguntza honen bidez, arreta berezia eskainiko zaie arrisku berezian dauden defendatzaile talde hauei: ingurumenaren, lurraren eta herri indigenen defentzan ari direnak, sexu eta ugalketa eskubideen aldeko defentsan eta indarkeriaren aurka dihardutenak, sexu orientazioarekin eta genero identitatearekin lotutako eskubideen alde dihardutenak, gizakien salerosketaren biktimen eta errefuxiatuen alde dihardutenak eta komunitateetako kazetariak, besteak beste. 

Aurreikusten dituen babes neurriak segurtasun integrala, fisikoa, ekonomikoa, politikoa, digitala eta psikosoziala eskaintzen dutenak dira, bai eta larrialdi egoeretan laguntza ematen dutenak ere, hala nola bizirauteko subsidioak, birkokatzeko ekimenak, ostatu eta lan espazio seguruak bilatzea edo babesteko lagun egitea.

Eskaerak aurkezteko epea aurrekontu esleipena eta haren balizko luzapena amaitu arte egongo da zabalik.