Araban, 752 pertsona hil dira, %2,7 gutxiago urteko bigarren hiruhilekoan
Hazkunde begetatiboa negatiboa izan da EAEn 2025eko bigarren hiruhilekoan, heriotzak jaiotzak baino 2.091 gehiago izan baitira
Sexuen arabera heriotzen kausa desberdina izaten jarraitu du 2025eko bigarren hiruhilekoan. Horrela, gizonen artean, tumoreek eragindako heriotzak (%32,4) zirkulazio sistemako gaixotasunek eragindakoak (%22,6) baino gehiago izan dira; emakumeen artean, kausa nagusia zirkulazio sistemako gaixotasunak izan dira (%25,3), eta bigarrena, berriz, tumoreak (%23,9).
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan 5.377 pertsona hil dira 2025eko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berean baino %0,1 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Datuak aurreko urteekin alderatzen badira, aurtengo bigarren hiruhilekoko heriotzen kopurua txikiagoa izan da 2022koa (5.787), 2021ekoa (5.418) eta 2020koa baino (6.073); aitzitik, 2019koa (5.067), 2023koa (5.266) eta 2010-2019 aldiko batez bestekoa (4.876) baino handiagoa izan da.
Lurralde historikoka, Bizkaian 2.884 heriotza izan dira (+%0,6), eta Gipuzkoan 1.741 (+% 0,5); Araban, aldiz, 752 pertsona hil dira, %2,7 gutxiago.
Sexuen arabera, 2.706 emakume (-%0,9) eta 2.671 gizon (+%1,1) hil dira, eta bigarren hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 11 hildako urtebetetik beherakoak izan dira (%0,2) eta 122 ehun urtetik gorakoak (%2,3).
Heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio sistemako gaixotasunak izan dira, 1.513 eta 1.288 heriotza eragin baitituzte, hurrenez hurren; beraz, bien artean aldi horretako heriotzen %52,1 dira. Hirugarren heriotza kausa arnas sistemako gaixotasunak izan dira, 455 heriotzarekin.
Covid-19ak 20 heriotza eragin ditu aldi horretan (guztiak baieztatutako covid-19aren ondoriozkoak), hau da, heriotza guztien %0,4 izan dira, %68,8ko jaitsierarekin. Bizkaian kausa horren ondoriozko 10 heriotza izan dira, Gipuzkoan 8 eta Araban 2.
Kausa horren ondorioz 10 emakume eta 10 gizon hil dira, eta, adin tarteei erreparatuta, 80 urtetik gorakoak izan dira gehienak (16), eta ondoren 60-79 urtekoak (4).
Azkenik, hazkunde begetatiboa negatiboa izan da EAEn 2025eko bigarren hiruhilekoan, heriotzak jaiotzak baino 2.091 gehiago izan baitira. Hiru herrialdeetan izan dira saldo negatiboak: Bizkaian 1.247 pertsona, Gipuzkoan 605 eta Araban 239.