Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Alavabusen Lezako ospitaleko geltokia lekualdatuko du ostiraletik, azaroaren 14tik, A-124 errepidean, Gasteizerako norabidean, eta erietxearen ingurune urbanizatuan kokatuko du. Esku hartzearen helburua da foru garraio publikoaren erabiltzaileen eta gidarien bide segurtasuna hobetzea.

Arabako Aldunditik jakinarazi dutenez, Alavabusen erabiltzaileek bi geraleku dituzte eremu horretan. Bat Lezako ospitalera sartzeko bidean dago, A-124 errepidetik Logroñorako norabidean, eta oinezko ibilbide segurua du osasun zentroraino.

Ostiraletik aurrera, bigarren geralekua osasun zentroaren inguruan kokatuko da, bidaiariek errepidea gurutzatu beharrik izan ez dezaten

Bestea A-124 errepidearen ondoan dago, galtzadari atxikitako plataformaren zabalgune batean, Gasteizerako norabidean, eta Alavabuseko erabiltzaileek bidea gurutzatu behar dute erietxeras iristeko eta alderantziz.

Bada, ostiraletik aurrera, bigarren geralekua osasun zentroaren inguruan kokatuko da, bidaiariek errepidea gurutzatu beharrik izan ez dezaten.

Lezako erietxera sartzeko barneko bideak egokitzeko lanak amaitu ondoren lekualdatuko da geltokia, Gasteizera doazen Alavabuseko autobusei ospitalearen inguruan sartzen utziko dien biribilgune bat sortzeko, bidaiariak igotzeko edo jaisteko geldialdia egiteko eta A-124 errepidera erosotasunez eta segurtasunez itzultzeko behar diren biraketa maniobrak egiteko.

ARABA

Bestalde, Algara Dantza Taldeak 25. urteurreneko ekitaldia egingo du ostiralean, azaroaren 14an, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, eta 2000tik taldearen historian parte hartu duten dantzariak, musikariak eta pertsonak bilduko dira bertan.

Arabako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, aurkezpenak, ikus-entzunezko emanaldiak, zuzeneko musika eta, noski, dantza izango dira ekitaldian.

Gehien espero diren momentuen artean, urteurreneko bideoaren eta egutegiaren aurkezpena dago. Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin dira, eta bertaratutakoei emango zaie. Euskal Herriko hainbat txokotan taldeari egindako irudiak dakartza, eta Algarak "25 urte hauetan izan duen esentzia eta ibilbidea" islatzen du.