Arabako 49 kirolari, erakunde eta enpresa laguntzailek 2024an erdietsitako lorpenak eta merezimenduak aitortuko dituzte IV. Gure Kirola Sarietan ostegunean, otsailaren 6an. Gainera, Kirolaraba Fundazioak kirola bultzatzen lagundu duten enpresak eta etorkizun handiko kirolariak sarituko ditu.

Ekitaldia Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak antolatu dute, eta Europa biltzar jauregiko Almudena Cid aretoan egingo da, 18:00etan hasita.

Bi erakunde sustatzaileek jakinarazi dutenez, 44 kirolari, bi klub, emakumezko eta gizonezko bina entrenatzaile eta epaile bat sarituko dituzte. Era berean, etorkizun handiko 33 gaztek eta bederatzi enpresak aitortza jasoko dute emandako laguntza dela-eta, Kirolaraba Fundazioaren bidez.

Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol zinegotziak adierazi du lurraldeko kirolarien "ahalegina eta sakrifizioa" aitortu eta balioa emango diotela Gure Kirola Sarien bidez, eta udal erakundeak "kirolarekin duen konpromisoa" islatzen duela horrela. "Hain zuzen ere, kirola Gasteizen ezaugarrietako bat da", zehaztu du.

Zinegotzia "oso harro" agertu da "gure hiria munduan zehar ordezkatzen duten eta diziplina askotan erreferente eta haurrentzako eredugarri diren ospe handiko kirolariak eta etorkizun handiko kirolariak ditugulako", eta eskerrak eman ditu "klubek, federazioek, entrenatzaileek eta boluntarioek egindako lanagatik, Arabako kirolak arrakastak lortzen jarraitzea ahalbidetzen baitute".

Era berean, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, "ekitaldi honek aurreko urtean Arabako kirol arloko lorpen esanguratsuenak bateratu eta aitortu nahi ditu, gure kirolariekiko dugun konpromisoa erakutsiz eta frogatuz. Izan ere, horri guztiari esker, kirolean izandako emaitza bikain horiek lortu dituzte".

"Bistakoa denez, Araba kirol tradizio handiko lurraldea da. Bertan, kirola bizimodu gisa bizi duten eta eskakizun maila handian lehiatzen duten munduko txoko guztietan gure lurra harrotasunez ordezkatzen duten pertsonak ditugu. Horregatik, bidezkoa da merezi duten bezala omentzea eta lortutako arrakastak beren lurraldean ikusgai jartzea", azaldu du.