Eraikinen parkea birgaitzeari dagokionez, jasangarritasuna, berrikuntza eta ikerketa sustatzeko ahalegin handia egiten ari da Gasteiz, beste zenbait hirirekin batera.

Europako URBANEW proiektuaren esparruan, urriaren 14rako, astelehena, jardunaldia antolatu da Goiuri Jauregiko Martín de Salinas, eraikinak birgaitzeko estrategia berriak ezagutzea helburu.

Jardunaldia 9:00etatik 14:00etara luzatuko da. Energia-eraginkortasuna, osasungarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko eraikuntza-sistemak modu kolektiboan diseinatzea da xedea, egurrean oinarritutako biomaterialak eta eraikuntza-sistema industrializatuak baliatuta.

Saioa bideratzen arituko dira Circe Teknologia Zentroa eta Cesefor Fundazioa. Azken hori Europako URBANEW proiektuan partaide aktiboa da “Hiri Adimendun eta Klimatikoki Neutroak” Europako Misioan parte hartzen duten Espainiako hiriekin batera (Bartzelona, Institut Municipal del´Habitage i Rehabilitació de Barcelona IMHAB eta BITHabitat bidez; Madril; Sevilla; Valentzia, Valencia Clima i Energia bidez; Valladolid; Gasteiz; eta Zaragoza).

Jardunaldian, eraikinak birgaitzeko hainbat soluzio ebaluatuko dira. Alderdi tekniko, ekonomiko eta jasangarrietatik abiatuta, ikuspegi berritzaileak txertatuko dira, hala nola proposatutako materialen bizi-zikloaren analisia, sistemen CO2 aztarna eta karbonoa xurgatzeko duten gaitasuna. Hori guztia, gure inguruko basoak abiapuntu dituen estrategiaren barruan, eta oinarri hartuta jasangarritasuna, berrerabilpena, eraginkortasuna eta habitata.

Ildo horretan, lantegian Gasteizko parametro klimatikoak eta testuinguru urbanoak jorratuko dira, hala nola tenperatura, hezetasuna, haize nagusiak, eta proposatutako soluzioak eraiki eta egokitzerakoan eragina izan dezaketen baldintza espezifikoak.