Deportivo Alaveseko lehen taldeko lau jokalarik autografoak sinatuko dituzte Mendizorrotzeko kirolgunean eta Gamarrako parkean asteazken honetan eta ostegunean, hurrenez hurren. Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatu du jarduera eta udal kirol instalazioetako harpidedunei zuzenduta dago.

Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak Mendizorrotzera eta Gamarrara joateko deia egin die herritarrei, "udako kanpainaren azken egunetaz eta Deportivo Alaveseko lau futbolari gertutik ezagutzeko aukeraz gozatzeko".

Horrela, asteazken honetan, irailaren 4an, Kike Garcia aurrelaria eta Moussa Diarra defentsa izango dira taldeko zaleekin, Mendizorrotzeko kirolgunean, 13:15etik 14:45era. Futbolariak instalazioko pasealeku nagusian egongo dira, igerileku olinpikoaren eta eraikin sozialaren artean.

Era berean, ostegunean, irailaren 5ean, Nahuel Tenaglia defentsaren eta Luka Romero erdilariaren txanda izango da, Gamarrako parkean. Autografoen sinadura 17:00etan hasiko da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Frontoian egingo da.

Gasteizko Udala

Bestalde, Amadeo Garcia de Salazar aparkalekuak (Mendizorrotzako aparkalekua) La Vuelta parkea hartuko du bihar, Gasteiztik abiatu behar den 18. etaparen irteeran. Hori dela eta, debekatuta egongo da ibilgailuak aparkatzea eta bertara sartzea, goizeko 06:00etatik irailaren 5eko 23:59ra bitartean. Horrez gain, debekatuta dago Mendizabalako aparkalekuan aparkatzea, Vitoria-Gasteiz bisitatzen duten bizikleta-itzulien ohiko irteera baita.

Parkera hurbiltzen diren pertsonek lasterketa babesten eta laguntzen duten enpresa eta erakundeen karpak bisitatu ahal izango dituzte, baita ekitaldia antolatzeko beharrezkoak diren ekipamendu teknikoak ere.

Publikoak merchandising opariez gozatu ahal izango du, enpresa babesleek banatuko dutena, baita zozketetan parte hartu ere. Parkeak familiako jarduerak eta etxeko txikienei eskainitakoak izango ditu.