Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia lankidetzan arituko dira aurten ere herritarrei euskara ikastaroak egitea errazteko. Ikasle berriek asteazkenetik irailaren 13ra bitarte eman beharko dute izena udal ikastaroetan, eta epea urriaren 1era arte luzatuko da foru erakundearen ikastaroen kasuan.

Denera 900 plaza eskainiko dira kolektibo ezberdinei zuzenduta, hala nola gurasoei, 55 urtez gorakoei, jatorri atzerritarra duten herritarrei eta merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten duteneiu.

Astearte honetan aurkeztu da 2024-2025eko ikasturterako kanpaina, Gasteizen, 'Ikasi eta bizi euskara giro onean' lelopean. Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak, Jone Berriozabal Arabako Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak eta Blanca Ugarte euskaltegietako ordezkariak parte hartu dute agerraldian.

Hasteko, euskararen erabilerak Gasteizen izandako bilakaera nabarmendu nahi izan du Nanclaresek. Azaldu duenez, "duela 40 urte, euskaraz hitz egiten zuten pertsonak ez ziren iristen biztanleriaren %5era, eta gaur egun, ordea, %30 dira. Hori dela eta, ikasteko, hobetzeko eta praktikatzeko aukera ematen duten espazioak eskaini nahi ditugu udaletik, Euskara Sustatzeko Ekintza Planak jasotzen duen moduan".

Ikasturte berrian euskara ikasteko 900 plaza eskainiko dira

Bada, ikasturte berrian euskara ikasteko 900 plaza eskainiko dira, lau ikastaro modalitatetan banatuta. Alde batetik, gurasoentzako ikastaroak daude, familia esparruaren baitako hizkuntzarekin lotutako alderdi praktikoak ikasteko eta seme-alaben eskolako ikasketa indartzeko.

HABEk homologatutako 160 orduko ikastaroak izango dira, gizarte etxeetan eskainiko dira, pertsona bakoitzaren etxetik gertu, eta lana eta familia bizitza uztartzea errazten duten ordutegiak izango dituzte. Ikasturte osoko matrikula arruntaren prezioa 122,40 euro izango da; matrikula murriztua 97,20 euro izango da ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtean %80ko bertaratzea edo handiagoa izan zutenentzat; langabeen kasuan, gainera, %15eko hobaria gehituko da.

Beste alde batetik, 55 urtetik gorakoentzako ikastaroek ahalbidetuko dute euskara hutsetik ikasten hastea eta eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko lehen ezagutzak ikastea. Hamabi ikastarotik lau Bizan sareko zentroetan eskainiko dira (Koroatzea, San Martin, Txagorritxu eta San Prudentzio), eta kostua 52 euro izango da.