Arabako Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ikerketa proiektu bat jarri du martxan adinekoentzako bere egoitzetako batean, dementzia aurreratua duten eta komunikatzeko gaitasunik ez duten pertsonen mina eta minaren intentsitatea hobeto detektatzeko adimen artifizialean oinarritutako formula berritzaileen bidez.

Zehazki, buruan jartzen den diadema sistema bat erabili dute, entzefalografia (EEG) seinaleak neurtzen dituena; hau da, estimulu mingarri bat gertatzen denean garunean izaten den jarduera elektrikoa neurtzen du.

Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran egindako hitzaldian, Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak azaldu du azterlanaren helburua izan dela Gasteizko Lakua foru egoitzan dauden eta "narriadura kognitibo handia duten pertsonen zaintzaren kalitatea hobetzea". Hain zuzen, Lakua egoitza zentro psikogeriatrikoa da eta narriadura kognitibo larria duten pertsonak bizi dira.

Urtaranek azaldu duenez, zahartzeak mina sor dezaketen patologiak areagotzen ditu. Askotan, mina zahartze prozesuarekin berarekin lotutako sintoma gisa nahasten da, eta, beraz, ez da ez diagnostikatzen ez tratatzen. Dementzia duten pertsonengan, gainera, eragina du pairatzen duten mina adierazteko eta komunikatzeko norberaren gaitasuna mugatuta izateak. Horregatik, adierazi duenez, "narriadura kognitibo larria duten pertsonak zaintzen dituztenek izaten duten zailtasunetako bat da nola ebaluatu haien mina, ezin baitute adierazi".

Azterlana egiteko 40 erabiltzaileren datuak erabili dira. Diadema jarri zitzaien eta, aldi berean, goizeko higienea egin zitzaien edo odola atera zitzaien. Diademak jasotzen zituen datuak ordenagailura bidaltzen ziren, eta datu horiek jasotzeko ardura zuen erizainak minaren ebaluazio eskala bat betetzen zuen, erabiltzailearengan ikusitako seinaleak eta portaerak oinarri hartuta.

Lortutako datu elektroentzefalografikoak aztertuta, ondorioztatu da mina %88ko zehaztasunarekin detektatu ahal izan dela. Halaber, emaitza itxaropentsuak lortu dira minaren intentsitatearen sailkapenari dagokionez, eta horrek bide ematen du pentsatzeko ikerketa ildo horretan sakondu daitekeela.