Iñaki Martinez de Luna soziologo eta soziolinguistikako ikertzaile gasteiztarrak Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona saria jasoko du ostegunean, apirilaren 11n, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko ekitaldi aretoan, euskal kulturaren alde egindako lanagatik.
Munduko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan euskarari eskaini dion "aparteko dedikazioa" nabarmendu du sariaren epaimahaiak. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Eusko Ikaskuntzako iturriek jakinarazi dutenez.
Martinez de Luna Soziologian doktorea da Deustuko Unibertsitatean, eta, ia 40 urtean zehar, garrantzi handiko ikerketak zuzendu ditu, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko eta euskal gizarte errealitatearen inguruan.
Ikertzaile arabarrak "jarduera zientifikoa eta Euskal Herriaren garapenarekiko konpromiso aktiboa" uztartu ditu, eta horrela azpimarratu dute epaimahai instituzionala osatu duten Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko, Eresbil Musika Euskal Artxiboko, Euskal Kultur Erakundeko, Etxepare Euskal Institutuko, Euskalerriko Adiskideen Elkarteko, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko, Unesco Etxeko eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariek.
Jarduera horren adierazle dira tokiko eremuan egindako lanak eta ikerketa taldeetan egindakoak, hala nola Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Garabiden edo Soziolinguistika Klusterrean. Gainera, Soziolinguistika Klusterraren sortzaileetako bat eta lehen lehendakaria izan zen, bai eta 'Bat' aldizkariaren zuzendaria ere.
Halaber, Euskaltzaleen Topagunearen baitan sortutako Topalabe hausnarketa taldean izandako lekua nabarmendu dute, balio handiko ekarpenak egin dituena, hala nola 'Berrikasi eta Berrikusi' (2015) eta 'Berrindartu eta jauzi' (2020) txostenak.