Vitoria-Gasteizko Udalak online egin daitezkeen kudeaketa-lan berriak martxan jartzeko lanean aurrera jarraitzen du herritarren erosotasunaren mesedetan. Kasu honetan, Udalak antolatzen dituen jardueretan baja eman ahal izateko sistema egokitu du Udalaren webgune bidez. Izen emateak kudeatzeko atalean, orain horiek baliogabetzeko aukera ere badago.

“Duela ia bi hamarkadatik, Udalaren webgune bidez Udalaren jardueretan izena emateko eta udal-instalazioren batera joan beharrik izan gabe horiek ordaintzeko aukera dago. Orain, ordea, baja emateko aukera ere egongo da. Izan ere, herritarrek bideratu izan diguten eskaera da eta lortu dugu hori ere asebetetzea. Eragina izango du BIZAN, gizarte etxeetan, e.a”, adierazi du Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Gasteizko Udalaren webgune honetan dago azalduta online baja emateko prozedura. Gainera, nola egin jakiteko bideo tutorial bat ere badago. Hitz gutxitan esanda, helburua da herritarrei aurrez izena emandako eta, edozein arrazoi dela eta, joango ez den jardueraren batean baja emateko aukera erraztea. Horretarako, beharrezkoa da Herritarren Udal Txartela (HUT) edo ziurtagiri digital bat (BakQ, adibidez) bat izatea. Dena den, nahi dutenek kudeaketa hori aurrez aurre egiten jarraitu ahal izango dute.

Plaza hori eskuragarria, nola?

“Neurri honen bidez, beste pertsona batek plaza hori eskuragarri izango du eta, dirua itzultzeko baldintzen arabera, kostuaren zati bat berreskuratu ahal izango du”, adierazi du Miren Fernández de Landak. Ordaindutako jarduera batean baja gutxienez hura hasi baino 24 ordu lehenago egiten bada, Udalak ordaindutakoaren % 85 itzuliko du, pertsona hark emandako bankuko kontuan sartuta. Gainerako % 15 Udalaren esku geratuko da kudeaketa-gastuak direla eta. Ezeztatzea 24 ordu aurreragoko tarte hori gabe egiten bada, ez da dirurik itzuliko, baina plaza interesa duen edonorentzat libre geratuko da.