Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 45 urtetik gorako pertsonen enpleguaren egonkortasuna sustatzeko enpresei zuzenduriko laguntzen programako deialdia onartu du ostiral honetan, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak hala proposatuta, eta 600.000 euro bideratuko ditu aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzeko enpresei laguntza ekonomikoa ematera.
"Neurria lagungarria izango da 45 urtetik gorakoen kolektiboan enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko. Hain zuzen ere, horixe da gobernu talde honen lehentasunetako bat. Deialdiaren aurtengo edizioan, enpresa bakoitzak eskuratu ahal izango duen laguntza kopurua bitik hirura handituko dugu", azaldu du Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.
Laguntzen zenbatekoa kontratu bakoitzeko gehienez 9.000 eurokoa izango da, eta lanaldi partzialeko kontratuak (gutxienez lanaldiaren %50ekoak) zein lanaldi osokoak (diru laguntza handiagoa jasoko dute) bihurtu ahal izango dira mugagabe. Laguntzak eskuratu ahal izateko enpresek beren gain hartu beharko duten konpromisoa da sortutako enplegu mugagabea gutxienez 12 hilabetez mantentzea.
Jasotako laguntza eskaerei erantzuterakoan kontuan hartuko diren balorazio irizpideei dagokienez, kontratatutako pertsonei dagokienez bi lehenetsiko dira: 55 urtetik goakoak eta emakumezkoak izatea. Gainera, 60 urte baino gehiagokoen kasuan, 1.000 euroko zenbateko osagarria emango da.
Kontratazioko egonkortasunerako laguntzak eskatzeko epea hasiko da deialdia Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamaunean, eta irailaren 16an amaituko da. Diruz lagun daitezkeen aldi baterako kontratuak 2023ko irailaren 16tik 2024ko irailaren 15era arte mugagabe bihurtutakoak izan beharko dira.