Suncine Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia 20. ediziora heldu da aurten Gasteizen, eta planetak ingurumen, sozioekonomia eta kultura arloetan bizi duen egoerari buruzko "gerturatze errealista, konprometitua eta kritikoa" emango du bost saiotan banatuta martxoaren 11tik 22ra Aldabe gizarte etxean, aurkezpenean azaldu dutenez.
Bost film luze, hiru labur eta animazioko bost lan labur izango dira. Gainera, tokiko dokumentalek ere tokia izango dute, 'Zure platerean hasten da mundua' lanarekin; Suncine jaialditik kanpo egindako lana da, tokiko produkzio egiturari eta agroekologiari balioa ematen diena.
Suncine jaialdiarenn zuzendari Jaume Gilek adierazi du "jaialdi bat baino askoz ere gehiago" dela. "Gure ingurunearekiko konpromisoa izateko, aldaketa positiborako gogoeta egiteko eta gure espeziearen eta planetaren etorkizuna bermatzeko gunea ere bada", gaineratu du.
Bestalde, Gasteizko Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Borja Rodriguezek esan du aurtengo edizioak "naturaren edertasun liluragarrira" gerturatuko dituela ikus-entzuleak.
Gainera, egungo krisi ekosoziala egituratzen duten hainbat gairi buruzko hausnarketa eragingo duela aipatu du, hala nola "elikaduraren gaia eta ikuspegi agroekologikoa, gure baso eta itsasoen egoera, baliabideak bereizketarik gabe erauzteak bizitzan eta gizartean duen eragina, hainbat herrik naturarekin duten harremana, ekosistemen degradazioa eta abar".
Suncine martxoaren 11n hasiko da, Juan Fernandezen 'Voices in the water' dokumental argentinar-alemanarekin eta Richard Zubelzuren 'La batalla del viento' film espainiarrarekin. Hilaren 13an, Egoi Susoren 'Amalur' eta Manuel Coronado eta Telmo Iragorriren 'Urak Iawoi, Hermanos del Mar' izango dira ikusgai.