Arabak abian jarriko ditu Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege berriak jasotzen dituen jarduketak, Ramiro González diputatu nagusiak Batzar Nagusien osoko bilkuran adierazi duenez."Araba ez da kanpoan geratuko, eta bere erantzukizun zatia bere gain hartzen du, konpromiso sakon eta zorrotzarekin, eta ahalik eta lasterren jarriko ditu abian lege honek jasotzen dituen jarduketak" azpimarratu du. "Nire asmoa da prozesu horri erabakitasunez eta elkarrizketaren bidez ekitea, gizarte osoa partaide eginez eta ahalik eta akordio zabalenaren bidez".

Arabako agintariak foru gobernuaren konpromisoa eta hura lantzen ari den proposamenak zehaztu ditu foru ganberan, eta aurreratu duenez, "Klima Araba 2050 plana berrikusteko eta egokitzeko prozesu bat hasiko da".

Gauzatu nahi diren ekintzen artean, 5.000 biztanletik beherako udalerriei klima eta energia planak banaka edo eskualdeka egiteko aukera ematea proposatu du.Arlo horretan, nabarmentzekoa da lurralderako deskarbonizazio plan bat egitea, sektore jakin batzuetan karbono aztarna minimizatzera bideratutako emisioen murrizketa planak jasotzen dituena, bai eta sektorekako berariazko beste neurri batzuk ere.

Proiektuen garapenari dagokionez, proiektuak bidezko trantsizioaren irizpidearen arabera gauzatuko dira, eta kontuan hartuko da proiektuak eragindako kostuen eta kargen banaketa zuzena, arreta berezia jarriz sektore ekonomiko, lurralde eta biztanleria kalteberenei. Pertsonen genero, adin edo disfuntzioaren aldagaia txertatuko da, "trantsizioa ere bidegabekerien eta desberdintasunen kausa bihur ez dadin", adierazi du Ramiro Gonzálezek.

Proposatutako beste helburuetako bat energia berriztagarrien ekoizpena esponentzialki handitzea da, autokontsumoa, komunitate energetikoak eta Ekiolak bultzatuz eta instalazio eolikoak eta eguzki instalazioak eraikiz. Horretarako, "energiaren demokratizazioa sustatzen jarraituko dugu, herritarrek energia hori eskura izan dezaten eta proiektuei buruzko informaziorako eta sozializaziorako eskubidea izan dezaten", azaldu du.

Datozen hilabeteetan honako beste jarduketa arlo hauek ere landuko dira: trantsizio energetikoaren arloko jarduera berriak ezartzea, iturri berriztagarrietatik datozen bektore energetikoak sustatzea (hidrogeno berdean oinarritutako teknologiak, esaterako), energia biltegiratzearekin lotutako proiektuak sustatzea eta CO2 jasotzea eta biltegiratzea erraztuko duten ekimenak.

Bestalde, ekonomia zirkularrean aurrera egitea eta sustatzea ere proposatu da, lehengaiak azpiproduktuekin ordeztuz. Gainera, lurzoru degradatuak berreskuratzeko eta leheneratzeko baliabideak jartzea aurreikusi da, bai eta baso biomasa aprobetxatzea eta nekazaritza eta baso mosaikoak eta bazka mosaikoak berreskuratzea ere, baldintza klimatikoetara fisiologikoki hobeto egokitzen diren tokiko espezieetatik abiatuta.

Gonzálezek aurreratu duenez, aurreikusitako beste ekintza ardatz batzuk honako honi buruzkoak dira: "uraren plangintzan eta kudeaketan klima aldaketaren ondoriozko arrisku nagusiak identifikatzea, ebaluatzea eta haien jarraipena egitea". Lehen sektoreari dagokionez, Arabako diputatu nagusiak azpimarratu du "nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen ezagutza handitzea, klima aldaketara egokitzeko bidean aurrera egiteko".

Energiaren eta klimaren ikuspegia aurrekontu publikoen diseinuan ere sartuko da.

Ramiro Gonzálezek bere hitzaldian aipatu duenez, "gure eredu ekonomikoak bizirik irauteko, trantsizio ekologiko eredugarria lortu behar da, premiazkoa eta ondo planifikatua, inor atzean ez uzteko. Lankidetzan aritzea eta berritzea etengabe elkartu beharko ditugun bi aditz dira; izan ere, gure ekonomiaren etorkizuna berdea izango da, edo ez da izango."