Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak deskontu progresiboko sistema hobetuko du, ohiko erabiltzaileei % 72rainoko hobaria ezartzeko Alavabus eta Eskualdeko Garraioko lineen txartel arruntaren prezioan. Ehuneko hori nabarmen haziko da hasieran aurreikusitako % 56ko gehieneko deskontuarekin alderatuta.
Deskontu progresiboko sistemaren hobariak eskuratzeko, BAT txartel pertsonalizatu bat eduki behar da.
Bestalde, BAT txartel anonimoa daukatenek txartel arruntaren prezioaren % 50eko deskontua izango dute aurten. Otsailaren 1ean jarriko da indarrean % 50eko deskontu hori eta 2025eko urtarrilaren 31 arte luzatuko dira, 2024ko urtarrileko aplikazio eza konpentsatzeko.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, "horrela bete egiten dugu Espainiako Gobernuak berriki onetsitako % 30eko deskontua eransteko eta foru garraioa, Alavabus eta Eskualdeko Garraioko lineen zerbitzua ohiko joan-etorrietarako erabiltzen duten arabarrak saritzen jarraitzeko konpromisoa".
"2024an, bateragarri egingo ditugu BAT txartel anonimoaren deskontu berezi eta koiunturala eta deskontu progresiboko sistema berria, zeina iritsi baita geratzeko asmoz, foru garraioa gehien erabiltzen dutenei hobari gehiago emateko. Neurri horien bidez Arabako familiei lagundu nahi diegu, bai eta garraio publikoa ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa sustatu eta berotegi efektuko gasen emisioen aurka borrokatzen lagundu ere", gaineratu du.
Arabako Foru Aldundiak BAT txartel pertsonalizatuaren bidez deskontu progresiboak lortzeko sistema berri bat ezarri zuen 2024ko urtarrilaren 1ean, Alavabus eta Eskualdeko Garraio lineetan. Sistema horren bidez, deskontu handiagoa eskaintzen zaie foru garraioa gehien erabiltzen dutenei, tartekako eskema baten bidez, hileko bidaia kopuruaren arabera: % 40ko deskontua hilean 1-20 bidaia eginez gero, % 48koa 21-50 bidaia eginez gero, eta % 56koa 51 bidaia baino gehiago eginez gero.
BAT txartel anonimoa erabiltzen dutenek % 20ko deskontua daukate urtarrilaren 1etik txartel arruntaren prezioan.
Deskontu gehiago
Azkenik, eta Espainiako Gobernuaren % 30eko deskontua erantsi ondoren, deskontu horiek honela geratuko dira:
BAT txartel pertsonalizatuak deskontu progresiboko sistemarako sarbidea emango du, eta % 62ko hobaria izango du hilean 1-20 bidaia eginez gero, % 67koa 21-50 bidaia eginez gero, eta % 72koa hilean 51 bidaia baino gehiago eginez gero.
Deskontu horiek automatikoki aplikatzen dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera; izan ere, hileko bidaia kopuruaren araberako hobariaren zenbatekoa BAT txartel pertsonalizatuaren saldoan ordaintzen da, hurrengo hilabetean, txartela baliozkotzean.
BAT txartela doan pertsonalizatu daiteke tranbiaren bulegoan, Antso Jakituna kalean, bai eta Gasteizko autobus geltokian otsailaren 29ra arte irekita egongo den aldi baterako bulegoan ere.
BAT txartel anonimoak, BARIK eta MUGI % 50eko deskontu lineala izateko aukera emango du otsailaren 1etik aurrera.
Deskontu huaek hamabi hilabetez luzatuko dira, indarrean sartzen diren unetik: 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, BAT pertsonalizatuaren kasuan, eta 2025eko otsailaren 1etik 2025eko urtarrilaren 31ra, BAT anonimoaren kasuan.
Erabiltzaileek Alavabus eta Eskualdeko Garraioko tarifa eta deskontuei buruzko zalantzak argitu ditzakete eta informazioa eska dezakete Foru Garraioaren Erabiltzaileentzako Arreta Integraleko Zerbitzuan (945 18 20 60) eta www.alavabus.eusweb atarian.