Gasteizek asteburu honetan Giza Eskubideen Eguna (abenduaren 10ean, igandean da) oroituko du Forondako Atea kalean dagoen terrorismoaren biktimentzako monumentuan argiztapen berria estreinatuta. Monumentua COVITEk bultzatu zuen orain 20 urte, eta Agustín Ibarrola eskultore eta artistak, azaroaren 17an hil zenak, eraiki.

Udaleko zerbitzu elektrikoek azken asteotan monolitoa argitzen duten foku batzuk jarri dituzte. 30 metroko diametroa du granitoz eta zeramikaz egindako tontor moduko horrek eta biktimen izenak jasotzen dituen inskripzioak ditu. Gainera, ondoan dagoen 20 metroko burdinazko zutabea argitzeko fokuak ere jarri dituzte. Horrez gain, hurrengo hilabeteotan, multzo eskultorikoaren testuingurua zehazteko plaka bat ere jarriko dute.

Biktimen memoria zaintzeko helburu horri eutsiz, Maider Etxebarriaren kabinetea Arabako hiriburuan ETAren biktimak oroitzeko espaloietan jarritako metalezko plakak berritzeko lanean ari da. 2024aren hasieran, plaka horiek laba bolkaniko esmaltatuzko beste batzuekin pixkanaka ordezkatzeko lanak hasiko dituzte. Haien inskripzioan, talde terroristak erail zituela zehaztuko da; alkateak oroitu duenez, “bere garaian zehaztu ez zen zerbait da”. Berritze-lan horiek senideen eta Fernando Buesa Fundazioaren, Covite eta Gogoan elkartearen oniritzia izan dute.

Miguel Ángel Blanco

Era berean, datorren hilabeteetan, Miguel Angel Blancoren izena jarriko diete Europa Jauregiaren atzean, Txile, Argentina eta Bolivia kaleen artean, dauden lorategiei. Alkatetzaren Sailak dagoeneko enkargatu du berdegunean jarriko duten atrila. Elementu horrek ETAk 1997an erail zuen Ermuako PPko zinegotziaren izena jarrita izango duen plaka edukiko du. Blancoren bahiketa eta erailketa mugarria izan zen terrorismoaren aurkako borrokan eta Euskadiko eta Espainiako gizarteak aldi berean altxatu zuten banda terroristaren aurkako ahotsa, eta geroago iritsi zen talde terroristaren porrota. “Terrorismoa demokraten batasunarekin garaitu zen eta orain beharrezkoa da biktimen memoria eta egia, duintasuna eta justizia izateko eskubidea bizirik mantentzea”, nabarmendu du Maider Etxeberriak.