Tokiko Gobernu Batzordeak aste honetan onartu du etxeko ontzi arinak, eta bizikletetako pneumatikoak eta ganbarak jasotzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea abiaraztea. Material horiek guztiak gero birziklatu egingo dira. “Horri esker, kontsumo-ondasun berriak produzitzeko garaian material berriak erabiltzea eta ingurumenaren inpaktua gutxitu ahal izango dugu” azaldu du Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak. Lan hori aurrera eramateko, lau urteko iraupena izango duen kontratua planteatu dute (2027ra artekoa). Horren zenbatekoa 325.825 eurokoa izango da.
Bizikletetako ganberak eta gurpil-azalak jasotzeko ekimena Birgurpil programan jasota dago. “Erabiltzen ez diren bizikletetako gurpilak birziklatzeko, haien materiala berreskuratzeko eta produktu berriak fabrikatzeko jarri zen egitasmoa martxan”, gogorarazi du Etxebarriak. Helburua da elementu horiei bigarren bizitza bat ematea. Izan ere, bizikletetan erabiltzeari utzi ondoren, gomazko oztopo-zutoin bihurtuko dira birziklatzeko edukiontzien irlak babesteko.
Gurpilak ekimenean parte hartuko duten bizikletak konpontzeko tailerretan eta dendetan (23 guztira) jasoko dituzte. Bilketa hori saltoki bakoitzean egongo diren 240 litroko edukiontzien bidez egingo dute. “Proiektu honi esker, iaz bakarrik, bizikleten 11.000 ganbera eta gurpil-azal birziklatzea lortu genuen”, zehaztu du Etxebarriak.
Ontzi arinak
Bilketa-zerbitzu berriak, bizikletetako ganberak eta gurpil-azalak jasotzeaz gain, hiriko 45 instalaziotan sortutako ontzi arinak ere bilduko ditu. Toki horien artean, honako hauek aipatu behar dira: EHUko jangela, Gamarrako Ostalaritza Eskola, adinekoen egoitzak, hotelak, ikastetxeak, San Martineko udal-bulego teknikoak eta udaletxea.
Ontzi horiek astero, bi astez behin edo eskaeraren arabera jasoko dituzte jarduera bakoitzaren bolumenaren arabera. Horretarako, 240 eta 360 litro arteko edukiera duten 103 edukiontzi erabiliko dira. Iaz, 36.200 kilo bildu zituzten.