12 eta 18 urte arteko pertsonek hamaika jarduerez gozatzeko aukera izango dute gazteentzako XtraKlub aisialdiko programaren baitan. Ekintzak azaroan eta abenduan egingo dira. Eskuragarri dauden 230 plazetara sarbidea izan nahi dutenek bihartik, ostiraletik, urriaren 20tik, aurrera eman ahal izango dute izena (08:30etik aurrera), Gasteizko Udaletik prentsa-ohar baten bitartez azpimarratu zuten bezala.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik azaldu zutenez, programa horren bidez, konplizitatea erakutsi nahi dutela azpimarratu zuten. Zehazki, “programa honen bidez, Gazteriaren Zerbitzuak gazteekiko gure konplizitatea erakutsi nahi die haien aisialdia sortzen eta, bide batez, bizi-kalitatea hobetzen lagunduta”, azaldu du Gazteria Saileko zinegotzi Ana López de Uraldek.
"Eskaintzak proposamen interesgarriak biltzen ditu: errealitate birtualeko betaurrekoekin egindako esperientzia, escape room bat, zirku-tailerra, Bilbora bisita, txangoa Iparraldeko Eguberrietako merkatuetara edo asteburu batzuk naturan, adibidez", gaineratu zuten Gasteizko Udaletik.
Jarduera horietako batzuk 15 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta daude, baina gehienak 12 eta 18 urte artekoentzat irekita daude.
Udazken-neguko denboraldian, gazte bakoitzak gehienez lau jardueratan parte hartu ahal izango du.
Xtraklub programari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, juventudtl1@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatzi edo 945 16 16 16 (luzapena: 6512) telefono-zenbakira dei dezakete.