Gasteizko Udal Musika Bandaren udazkeneko kontzertu-zikloa bueltan da. Doako hiru kontzertu izango dira, lehenengo biak Ibaiondoko Felix Petite antzokian eta azkena Jesus Guridi kontserbatorioko areto nagusian. Guztiak 19:30ean izango dira. 

“Ziklo hau gure bandaren kalitateaz doan gozatzeko aukera handia izango da, eta ohikoak ez diren bi agertoki desberdinetan gainera. Gasteizen zorte handia dugu maila honetako musika-taldea izateaz eta bandaz gozatzeko hainbeste aukera izateaz”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultur eta Euskara zinegotziak.

Luis Orduña eta Iker Olazabalek, banda zuzentzeaz gain, azalpen laburrak emango dizkiote publikoari, entzutea are aberasgarriagoa izan dadin.

Lehenengo hitzordua asteazken honetan bertan izango da, urriaren 4an. Ikusleek bost obraz gozatzeko aukera izango dute ‘Soinuaren bitxikeriak’ kontzertuan: Jan van der Roosten ‘Amazonía’, Pi Schefferren ‘Three Inventions’, Richard Markowitzen ‘Les mistères de l ouest’, Wouter Lenaertsen ‘The Bermuda Mystery’ eta José Alberto Pinaren ‘The island of light’. Guztiak Iker Olazabalen zuzendaritzapean.

Urriaren 11n, protagonistak bideojokoak eta animaziozko filmak izango dira, Iker Olazabalen zuzendaritzapean oraingoan ere. Arratsalde horretan Peter Kaleine Schaarsen Lilo and Stichekin, Michael Giacchinoren Los increíblesekin, Christopher Tinen Sogno di volare civilización VI lanarekin, Koji Kondoren Super Mario Brosekin, Peter Kaleine Schaarsen Symphonic highlights from Encantorekin, Aritz Villodasen Pos esorekin eta John Powellen How to train your dragon lanekin gozatzeko aukera izango da.

Azkenik, urriaren 18an, ‘Begirada bat Armeniari’ lana aurkeztuko du Luis Orduña zuzendariak. Horretarako, Alberto Itoiz ariko da txirularekin bakarka eta programa hau interpretatuko du: Aram Kachaturianen Sablearen dantza, Aram Kachaturianen txirularentzako kontzertua eta “Armenian dances” Alfred Reeden Gna, Gna.

Kontzertuetarako sarrera librea izango da tokia bete arte.