Ignacio Ellacuria Prestakuntzarako Udal Ikastegian egin dute aste honetan Zaramaga auzoaren hiri-berroneratze integralari lotutako inklusiorako Enplegu-Prestakuntza Proiektuan parte hartuko dutenei zuzendutako ongietorri-ekitaldia. Ekitaldian izan ziren Maria Nanclares, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia; eta Enrique Ramos, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio zuzendaria.

“Programa honi esker, langabezia-egoeran zaudeten 23 lagunek Area degradatutzat jotako Zaramaga auzoa hiri, gizarte eta ingurumen mailetan leheneratzen lagunduko duzue”, adierazi zuen Maria Nanclaresek. “Horren bidez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta/edo Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera jasotzen duten, zaurgarritasun-egoeran edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden iraupen luzeko langabetuen kolektiboaren lan-munduratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetu nahi ditugu (batez ere Zaramaga auzoan bizi direnak), genero-ikuspegia kontuan hartuta”, erantsi zuen.

Hiriaren deskarbonizazioa lortzeko jarduerak planteatzen dira, batez ere, honako hauetan oinarrituta: eraikitako parkearen (publikoa zein pribatua) birgaitze energetikoa, irisgarritasuna hobetzea, azpiegitura berdea gehitzea, mugikortasun jasangarriagoa bultzatzea eta auzo mailan bero-sare baterako oinarrizko azpiegitura babestea.

Proiektua gizarte eta lan arloko inklusio-programetan txertatuta dago. Programa horiek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak sustatzen ditu eta Euskadiko udalerriei zuzenduta daude.