“Gizarte-zerbitzuak, hiritartasuna eta partaidetza: esku-hartze sozial partaiderantz eta sektorearteko komunitateko ekintzarantz” da gaur eta bihar Arabako campuseko Micaela Portilla ikerketa-zentroan egingo den EHUko udako ikastaroaren izenburua. Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok; eta jardunaldietako zuzendariek, Ainhoa Berasaluzek eta Noemi Bergantiñosek hartu dute parte inaugurazio-ekitaldian. Horiez gain, bertan izan dira unibertsitateko ikasleak, irakasleak, profesionalak eta erantzukizun publikoko kargudunak.
Gasteizko, Donostiako eta Bilboko udalak ordezkatuz, Ruiz de Escuderok gogorarazi du “Udaleko gizarte-zerbitzuek herritarrengandik gertuen dauden zerbitzu publikoen sare publikoa osatzen” dutela. Bere hitzetan, “haien misioa da gure udalerrietan bizi diren pertsonen autonomia eta ongizate soziala bultzatuz komunitatea eraikitzea”.
Testuinguru honetan, partaidetza gizarte-zerbitzuei beti atxikita egon den zerbait izan dela azpimarratu nahi izan du. “Ezin dugu herritarrik, talderik, gizarte-eragilerik… gabe komunitatea eraiki. Horregatik da garrantzitsua partaidetza mailako berrikuntza, eraldaketa soziala lortzeko gure lana benetan eragingarria izan dadin”.
Gogorarazi duenez, “gizarte-zerbitzuen helburu nagusiak justizia soziala eta kohesio soziala dira. Azken buruan, zerbitzu horien helburua da gizartea osatzen dutenek, inolako bereizketarik gabe, autonomiaz eta duintasunez bizitzeko aukera izango duten gizarte-eredua sustatzea, bidezkoa den eta aukera-berdintasuna bermatuko duen gizartean bizitza-proiektua aurrera eraman dezaten”.
Udako ikastaro honen helburua da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman herritarren partaidetzari buruzko eztabaidarako tokia egitea, hobetu ahal izateko etorkizunerako ekintza bateratuko ildoak planteatu ahal izateko.
Biharko jardunaldia hasteko, “Gizarte-zerbitzuetatik komunitatera eta testuingurutik pertsonara: pertsonak haien inguruneekin lotzen dituzten jardunbide egokiak” izenburua duen mahai-ingurua egingo da eta bertan parte hartuko du Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Saileko zuzendariak, Boni Canterok.