Kultura eta Hezkuntza Sailak 19 ikastaro kultural antolatu ditu 2023-2024 denboraldirako. Guztira 671 plaza izango dira eta, aurreko ikasturtearekin alderatuta, ikastaro batekin eta % 12 plaza gehiagorekin handitu dute eskaintza.
Kultura dibulgatzeko ikastaroak dira, herritarrei ezagutza modu didaktikoan gerturatzea xede dutenak eta espezialistek ematen dituzte. Hau da, eskainiko diren gaietan entzute handia duten espezialistek osatuko dute lehen mailako irakasle-taldea. Zientzia mailako zorroztasuna dibulgazioarekin lotuko dute eta hauek izango dira horietako batzuk: Juan Ibarrondo kazetari eta idazlea, Jasone Arrausi, Ander Gondra eta Ricardo Garay arte arloko historialariak, La Otra Mitad astronomia-elkartea, musika arloan espezialistak diren Alejandra Spagnuolo eta Geraldine Ramírez, Jorge Moneo eta Jorge Barrio zinemalariak eta abar.
“Ikastaro kulturalek aparteko aukera ematen dute askotariko gaiei buruz ikasteko, punta-puntako adituen eta profesionalen eskutik. Urtero bezala, eskaintza oso interesgarria eta gai ugariri buruzkoa eskaintzen saiatu gara eta, gainera, izandako arrakasta ikusita, ikastaro kopurua zein plaza kopurua handitu ditugu”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Era askotakoa da ikastaroen tematika:
- Gasteiz eta Araba, gure errealitate gertukoenari lotuta: Gasteizko auzoen historia; Aintza eta ahanztura Arabako XIX. mendean; Arabako aztarnategi arkeologiko nagusiak…
- Beste errealitate batzuk ulertzeko lagungarriak diren ikastaroak: Nazioarteko gatazkak ulertzea.
- Genero-gaiei buruzko monografikoak: Emakumeak eta musika: Erdi Arotik Erromantizismora arte; Feminismoak artean 1960ko hamarkadatik gaur egun arte…
- Arteak eta humanitateak (artea, historia, zinema, musika, literatura): Erdi Aroko eskuizkribuak; ekialdeko arteari buruzko sarrera; zinemaren historiaurrea eta lehen pausoak; zinemako zazpi maisulan aztertzea; jazzaren historia; Homeroren Odiseari buruzko sarrera…
- Beste gai batzuk: elikadura osasungarria; psikologia; ornitologia; mikologia; astronomia eta ardo-dastaketa.
Ornitologiako, ardo-dastaketako eta elikadura osasungarriko ikastaroak euskaraz izango dira.
Eskaintza hiruhilekoka banatuta egongo da. Hori dela eta, ikastaro batzuk urrian hasiko dira, beste batzuk urtarrilean, eta azkenak apirilean. Haietako bakoitzean 7 eta 15 saio artean eskainiko dira (aste bakoitzean bat edo bi). Gehienak teorikoak izango dira, baina batzuek praktika osagarriak izango dituzte. Ikastaroak gizarte-etxe hauetan eskainiko dituzte: Aldabe, Landatxo, Ibaiondo, Ariznabarra, Arriaga, Pilar, Iparralde, Judimendi, Lakua, Salburua eta Zabalgana.