Berriro jaitsiko dira tenperaturak Gasteizen eta Arabako lurralde historikoan. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak aurreratu duenez, Gasteizen egun hotzago bat biziko da gaur, gutxieneko tenperaturak 13 gradukoak izango baitira eta maximoak 21 gradukoak.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, ostegunean eguraldiak ildo beretik jarraituko du. "Kantauri isurialdean behe-hodei ugari agertuko dira eta giroa goibela izango da; noizbehinka euri txikia egingo du", esan eta azpimarratu dute: "Mediterraneo isurialdean zerua garbiago egongo da eta giroa eguzkitsua izango da, batez ere Ebro ibarrean. Tenperatura maximoetan aldaketa handirik ez. Ipar-haizea ibiliko da, arratsaldean hegoaldean bizi".

Ostiralean ez da aldaketa handirik espero. Iparraldean zerua hodeitsu egongo da eta euri txikia egin dezake noizbehinka. Arratsaldean ostarteak zabalduko dira han eta euria egiteko aukera txikiagoa izango da. Hegoaldean eguzkia jaun eta jabe, goizean goiz behe-hodei batzuk agertu arren. Arratsalde-gau partean bero-hodeiak agertuko dira han eta baliteke zaparradaren bat botatzea han-hemenka. Ipar-haizea ibiliko da, arratsaldean Mediterraneo isurialdean bolada gogorrekin, batez ere Ebro ibarrean. Tenperatura minimoetan aldaketa handirik ez; kostaldeko maximoek berdintsu jarraituko dute, hegoaldeko altuenak bizpahiru gradu jaitsiko dira.

Azkenik, larunbatean zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin Kantauri isurialdean. Arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira eta zeruak hodei gutxirekin geratzeko joera izango du, tarte hodeitsu batzuekin Kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; egunaren bigarren partean ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira.