Gaur, hirira eta Arabako lurraldera itzuliko da uda, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak aurreratu duenez.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, gaur goizean goiz zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin, bereziki ipar-partean. Goiza aurrera joan ahala jasoko du eta gainerako orduetan zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da. Ilunabar aldera Kantauri isurialdeko zenbait lekutan behe-hodei batzuk agertuko dira berriro. Goizetik aurrera ipar-haizea ibiliko da; arratsaldean indartu egingo da, bolada gogorrekin hegoaldean. Tenperatura maximoak hiruzpalau gradu altuagoak izango dira eta udako giroa izango da nagusi.

Euskalmeten arabera, aste honetan "baliteke depresioa Eskandinaviara mugitzea eta indarra galtzea". "Orduan Atlantikoko antizikloia indartu eta zabalduko litzateke; Iberiar penintsularen iparraldean eragingo luke, tarte batzuetan ziri moduan sartuz. Antizikloiaren eraginpean egon arren, asteazkenean fronte hotz batek eragin gaitzake. Ostiralean beste depresio bat sor daiteke Britainiar uharteen mendebaldean eta Iberiar penintsula ongi definitu gabeko egoera batean geratuko litzateke; ez da baztertzen Iberiar penintsularen hego-ekialdean bero-depresio bat sortzea. 500 hPa-eko mailan mendebal/hego-mendebaldeko fluxua nagusituko da. 850 hPa-eko mailan Afrika iparraldean jatorria duen aire masa oso bero bat (30 ºC inguru) Iberiar penintsularen hego-mendebaldera zabalduko da. Ziurgabetasuna oraindik handia da, baina aire masa bero hori EAEra hurbil daiteke Ebroko ibarretik eta neurri batean Arabako Errioxan eragina izan dezake. Konfigurazio horrekin eguraldia nahiko egonkorra izango da".

Tenperatura maximoei dagokienez, orokorrean 25 eta 30 gradu artekoak izango dira; kostaldean 25 gradu baino baxuagoak izan daitezke eta Mediterraneo isurialdean baliteke 30 graduak gainditzea. Asteartetik aurrera seguruenik tenperatura maximoak pixkanaka jaitsi egingo dira, batez ere Kantauri isurialdean; alabaina, Arabako Errioxan baliteke 30 ºgraduak erraz gainditzea. Ostiraletik aurrera baliteke tenperatura maximoak berriro igotzea, 25-30 gradu inguruko balioekin edo altuagoekin. Tenperatura minimoak suabeak izango dira, 16-19 gradu ingurukoak Kantauri isurialdean eta 13-16 gradu ingurukoak Mediterraneo isurialdean. Olatuen altuera adierazgarria metro ingurukoa izango da.