Aste honetako lehen egunetan, oraindik, ezegonkortasuna eta ekaitz-giroa nagusituko dira.
"Ostegunetik edo ostiraletik aurrera seguruenik egoerak egonkortzera egingo du", azaltzen dute Euskal Metereologia Agentzia Euskalmetetik.
Azalean presio altuak indarra hartzen joango dira, Iberiar penintsulara eta Europa hegoalde ia osora zabalduko da antizikloia. Lehen egunotako ezegonkortasuna Atlantikoan, goi-geruzan, "sortutako aska baten ondorioa izango da"; "aska horrek zaparrada trumoitsuak garatzea erraztuko du, probabilitate handiagoarekin eguerditik aurrera. Azalean presio baxuak gailenduko dira, erdigunea Britainiar uharteen mendebaldean dutelarik. Bestalde, beste bi eragile izango ditugu trumoi-ekaitzak sortzeko: batetik, azalean egunez tenperaturak gora egingo du eta, bestetik, iparraldeko haizea ibiliko da eta aire masa hezea izango dugu".
Horrela, ezegonkortasun termikoa ere handia izango da eta trumoi-ekaitzak sortzea erraztuko du. Gauzak horrela, "datozen orduetan eguraldia ezegonkortu egingo da eta trumoi-ekaitzak izango ditugu; zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke, txingorra bota dezake eta haize-bolada gogorrak eragin ditzakete. Giro ezegonkor horrek, asteazken edo ostegunera arte iraun dezake".
Gaur, asteazkena, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Egunaren lehenengo partean noizbehinka zaparrada txikiak botako ditu, batez ere Kantauri isurialdean; egunaren bigarren partean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake. "Ipar-osagaiko haize ahula ibiliko da, bolada gogor batzuekin, Araba hegoaldean tarteka ekiosagaiko haizea ibiliko da. Azken orduetan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da", ondorioztatu dute.