Beroa eta udako eguna Arabara eta Euskal Autonomia Erkidego osora itzuliko dira gaur, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, bertatik jakinarazi dutenez, gaur, ostiralean, uda giroa izango da Tenperatura maximoak igo egingo dira berriro eta 26-31 graduren bueltan ibiliko dira; barnealdean kostaldean baino altuagoak izango dira beste behin. Haizea ahul ibiliko da, eta arratsaldean brisa ibiliko da. Zeruan erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertu arren, giroa eguzkitsua izango da. Arratsalde-gau partean bero-hodei batzuk gara daitezke, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan, eta bertan ez da baztertzen puntualki zaparrada trumoitsuren bat botatzea.

Larunbatean ere bero egingo du eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Egunaren lehen partean hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta horrek lagunduta, litekeena da lurralde osoan tenperaturak 30 ºC-ak gainditzea. Eguerdi inguruan brisa sartuko da kostaldean. Goizean zeruan hodeiak eta ostarteak ikusiko ditugu, eta egunaren bigarren zatian, berriz, bero-hodeiak ugarituko dira. Zaparradak eta ekaitzak izan daitezke, batez ere egunaren bigarren partean, eta, sarri gertatu ohi den moduan, era irregularrean botako lituzke.

Igandean, berriz, zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu egunaren bigarren partean, bero-hodeiak nagusituz. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake, probabilitate handiagoarekin egunaren bigarren partean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; kostaldean mendebal-osagaikoa nagusituko da, tarte biziekin, eta barnealdean hego-osagaia. Arratsaldean haizea ipar-osagaitik finkatuko da, ahul-bizi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira eta maximoak nahikoa jaitsiko dira, bereziki barnealdean.