Arabako lurraldeak bultzada eta urrats berriak ematen jarraitzen du gizarteratzearen alde bere alderdi guztietan eta proiektu berriekin.

Hala, Arabako Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Administrazio Kontseiluak beste lankidetza-hitzarmen bat onartu du Caritasekin, lurraldean gizarteratze-programak garatzeko.

Lankidetza horren barruan sartzen dira gizarte erakunde horren lantegi okupazionaletan eta lanean hasi aurreko lantegietan egiten diren jarduerak. Lantegi horietan, gizartean baztertuta eta egoera ahulean dauden guztira 264 pertsona hurbildu dira lehen aldiz lan mundura.

GOFEk 1999. urteaz geroztik dihardu Caritasekin lankidetzan gizarteratze programak sustatzeko, zeinetarako guztira 228.300 euro bideratuko baititu aurten. Lankidetza horri esker, Arabako Foru Aldundiak zerbitzu bat eskaintzen du, gizartetik baztertuta bizi diren pertsonak gizarteratzeko, banan-banako laguntza emanez helmuga gizarteratzea duen ibilbide batean. Bestalde, Caritasen jarduera egoera ahulean dagoen pertsonari laguntzean eta arreta ematean oinarritzen da, eta autonomia handiagoa izatea eta autoestimua hobetzea eragozten dioten gabeziak hautematean, bai eta egoera arintzeko esku hartze egokienak egitean ere, pertsona horri gizarteratzen laguntzeko.

Azkenik, programa horretara sartzen diren pertsonak prestakuntza fase desberdinetan daude, eta, beraz, ibilbide eta premia desberdinak dituzte. Horrek gaikuntza eta prestakuntza prozesu indibidualizatua eskatzen du.